S. V.
Itxuraz lasai aditu zuen epaia diktadoreak: «Kartzelara joateko prestatuko naiz. Ez dut larriminik». Epaileek «interes pertsonalen arabera» jokatu dutela dio, eta bera errugabea dela. Behin eta berriz esan du hori Jose Efrain Rios Monttek (Huehuetenango, 1926), agintean egindako 17 hilabeteetan militarrek 25.000 pertsona baino gehiago hil zituzten arren.
Baina Rios Monttek sinesten du Justizian: orain arte, bere alde egin du beti. Berari estatu kolpea eman ostean ere, politikan aritu zen muturreko eskuindarra eta fededun ebanjelista. Zortzi urtez kongresuko diputatu izatea lortu zuen, eta baita 2003ko presidentetzarako bozetan lehiatzea ere, diktadore ohiek debekatuta daukaten arren. Azkenean, amaitu zaio zigorgabetasun luzeegia.•