Oiongo Udaleko oposizioak (EAJ, Bildu eta PSE-EE) ohar bat atera du gaur argitara eta kritikatu egin du Ruben Garrido PPko alkatea egun hauetan izaten ari den jarrera. Alkateak gose greba hasi zuen atzo Logroñon, Errioxak arabako eriak ez dituelako artatzen eta hori lortu arte, atzo esan zuenez. Oiongo oposizioak, ordea, gaur gogorarazi duenez, aurreko astean Errioxako Gobernuari kargu hartzearen aurka bozkatu zuen Garridok udalbatzan, eta horregatik auzi horretan erakusten ari den joko bikoitza salatu dute.
Aurreko asteko jarreraren ostean oposizioak dio harritu egin zituela astelehenean Garridok ezohiko bileran izan zuena, Errioxako Gobernuaren erabakiaren kontra. Asteleheneko udalbatza bere mesedetan baliatu nahi duela esan du oposizioak, eta udalbatza horretan ohar bat irakurrita ez ziela oposizioko alderdiei adierazten uzten gaineratu dute. Gainera urgentziazko deialdia egin zuela alkateak esan dute, baina hedabideek hiru egun lehenagotik bazekitela udalbatza biltzera deituko zuela.
Bere jarrera zuzentzeko eskatu diote Garridori, eta gogorarazi diote udal gobernuak bost zinegotziren babesa duela, eta oposizioak sei zinegotzi dituela. Bilduk beste ohar batean PPren jarrera salatu du argudiatuz Errioxa gobernatzen dutela, eta aldi berean Eusko Jaurlaritzan PSE-EEren gobernua sostengatzen dutela. PSE-EEren babesarekin izendatu zuten alkate ekainean, zinegotzi bat baitu horrek.