Martxoaren 9ko greba eta mobilizazio egunagatikJuan Mari Olano, Rafa Diez, Pernando Barrena, Juan Joxe Petrikorena eta Arantza Zuluetaren aurka espetxea eskatzea "juridikoki bidegabea" dela iritzi dio Candido Conde-Pumpido Espainiako fiskal nagusiak. Hain justu, Fiskaltzak horien kontra ez duela badaezpako kartzelarik eskatuko ziurtatu du. Olanok atzo deklaratu zuen Auzitegi Nazionalean, eta fiskalak espetxerik eskatu ez bazuen ere, kartzelan sartzea erabaki zuen Fernando Grande Marlaska epaileak, greba eguneko "108 delitu ekintzaren" bultzatzaile izatea egotzita.
Ekintza horietan denetik sartu du Grande Marlaskak: silikonarekin serrailak zigilatzetik hasi eta ETAk errepideetan jarri zituen lehergailuetaraino. Esan bezala, fiskaltzak ez zuen eskatu Olano espetxeratzeko, baina AVT eta Dignidad Y Justicia elkarteak ordezkatzen dituzten herri akusazioek bai. Herri akusazioen eskaerari helduta erabaki zuen epaileak kartzelan sartzea. Soto del Realen da Olano bart goizaldetik.
Olanoren aurkako espetxerik "juridikoki bidegabea" litzatekeelako ez zutela eskatu argitu du gaur Candido Conde-Pumpido Espainiako fiskal nagusiak; gaur deklaratu behar duten beste lau lagunentzat ere ez dutela eskatuko iragarri du: hau da, Diezen, Barrenaren, Petrikorenaren eta Zuluetaren kontra kartzela eskatzeko bidezko arrazoirik ez dagoela.
Finean, espetxeratzea Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagiaren aurka eskatu du Fiskaltzak. Conde-Pumpidoren arabera, Otegiren kasuan "zirkustantziak desberdinak" dira: "prozesu berean eta ekintza berengatik Fiskaltzak lehenago ere eman baitzuen baldintza gabeko espetxeratzearen aldeko ebazpena". Otegik astelehenean zuen hitzorduan Auzitegi Nazionalean, baina bronkitisa duela-eta atzeratzen ari da.
Auzitegi Nazionala
Olano, Diez, Barrena, Petrikorena eta Zulueta espetxeratzeko eskatzea "juridikoki bidegabea" da fiskal nagusiaren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu