BILBO
• Atzo iluntzean iritsi zen Olentzero Bilbora, baina gaur goizean jasoko ditu haurren eskaerak, 11:00etatik 14:00etara, Arriaga antzokian. Txanda hartu ahal izateko, 10:00etan hasiko dira sarrerak banatzen, eta lagun bakoitzak hiru hartu ahal izango ditu: 1.500 sarrera egongo dira. Goiz osoan hainbat tailer egingo dituzte Arriagaren kanpoaldean.
GASTEIZ
• Gasteizen, udaletxean izango da gaur Olentzero haurren gutunak jasotzen, 11:00etatik 14:00etara. Ikazkinaren desfilea arratsaldean izango da, 18:00etan. Iparraldeko gizarte etxetik abiatuko da, eta, Legutioko atea, Frantzia kalea, Bake kalea eta Olagibel kalea gurutzatu ondotik, Espainia plazan amaituko da. Desfile koloretsua izango da, Folklore akademiak, Arabako Dantzarien Biltzarrak, Olabide ikastolak eta Indarrak parte hartuko baitute, besteak beste.
IRUÑEA
• Urteroko ohiturari jarraituz, 18:00etan iritsiko da Olentzero. Iturralde y Suit kalean dagoen Arte eta Lanbide eskolatik irtengo da desfilea, ikazkinari aurreskua dantzatu ondotik. Desfilea hasitako leku berean amaituko da, bigarren zabalguneko eta alde zaharreko kaleetatik barrena ibili eta gero. Desfile jendetsua izango da Iruñekoa: berrehun lagunek baino gehiagok parte hartuko dute. Olentzeroren atzetik joango dira txistulariak, gaiteroak, fanfareak, dantzariak eta zenbait abesbatza. Horiez gain, etxeko txikiek animaliekin gozatzeko aukera izango dute. Antolatzaileek dei egin diete ikusleei baserritar jantzita joatera.
DONOSTIA
• Olentzero Mari Domingiren laguntzarekin iritsiko da Zuloaga plazara, 15:30ean. Ongietorria egin ondoren, kalejira izango da udaletxeraino. 16:00etatik 17:30era eskutitzak jasoko dituzte udalbatzan, eta 18:00etan hasiko da desfilea. Bulebarra, Hernani kalea, Loiola kalea, San Martzial, Getaria kalea, Askatasunaren Hiribidea, Txurruka kalea, Gipuzkoa plaza eta Elkano kalea pasatu ondoren, Alderdi Ederrera iritsiko dira, 19:00etan. Desfile jendetsua izango da: seiehun lagun aterako dira, animaliek lagundurik.