Opiazeoak dira Europan oraindik droga kontsumoagatiko heriotza eta morbilitatea "proportzioan hain handia" izateko kausa, Drogaren eta Toxikomaniaren Behatokiaren txostenak dioenez. Opiazeoen artean heroina da gehien kontsumitzen dena, eta harekin batera beste drogaren bat hartzen dute kontsumitzaile gehienek. 2011n, legez kanpoko drogaren baten kontsumoari lotuta, 1,2 milioi lagun ari ziren tratamenduren bat jasotzen, eta, horien artean, opiazeo kontsumitzaileena zen talderik handiena —kalamuarenak leudeke bigarren lekuan, nabarmen atzerago, eta kokainarenak hirugarrenean—. Ia 200.000 lagun hasi ziren tratamendua jasotzen 2011n heroinari lotutako kontsumoagatik. Nolanahi ere, heroinarekiko menpekotasunaren aurkako tratamendua lehen aldiz hasten duten lagunen kopurua beherantz doala dio Drogaren eta Toxikomaniaren Behatokiak, eta, oro har, tratamenduan dagoen lagun taldearen adina gero eta altuagoa dela. "Oro har, badirudi heroinaren kontsumoak behera egin duela eta horrek duela eragina tratamendu eskariaren murrizketan".
Esku hartze psikosoziala, opiazeoen ordezkapena eta desintoxikazioa dira tratamendu mota nagusiak Europan, normalean osasun etxe arrunt, osasun etxe berezi eta ohiko mediku kontsultetan artatzen direnak. Tratamendua jasotzeko zentroren batean sartuta daudenen kopurua «adierazgarria» da oraindik ere, baina beherantz egiten ari da aukera hori.
Opiazeoen mendetasunari aurre egiteko tratamendu ohikoena ordezkapena da Europan, arreta psikosozialarekin batera eskaini ohi dena normalean, eta osasun etxeetan edo lehen arretako medikuen eskutik jasotzen dena. 730.000 lagunek jaso zuten ordezkapen tratamenduren bat 2011n —litekeena da opiazeoen kontsumoarekin arazoak dituztenen erdiak izatea—. Metadona da gehien agintzen den botika, lautik hiru eriren kasuan; gainerako kasuetan buprenorfina ematen da batez ere, bost herrialdetan sendagai nagusia dena. Ordezkapen tratamenduen %5ean baino ez da agintzen beste substantziaren bat, askatze moteleko morfina, kasurako. "Dauden frogek opiazeoen ordezkapen tratamendua babesten dute, arreta psikosozialarekin konbinatuta, kontsumitzaileak tratamenduan mantentzeko eta kontsumoa murrizteko [...]. Beren eraginkortasuna frogatu dute intoxikazio zikloa eta abstinentzia mozteko eta, horrela, pazienteek egonkortasuna lortu eta bestelako esku hartzeak jarraitu ahal izateko".
Bestelako tratamenduak
Ordezkapenekoaz gain, Europako herrialde guztiek eskaintzen dute bestelako tratamenduren bat heroinarekiko mendekotasuna gainditzeko. Osasun etxe zein egoitzetan eskaini ohi dira, eta esku hartze psikosozialak barnebiltzen dituzte, hala nola jokabide terapia kognitiboak eta komunitate terapeutikoak. Hainbatetan desintoxikazio prozesu bat izaten da horien aurretik, abstinentziaren sintomak tratatzeko botikak ere eskaintzen dituena.
Arazoari aurre egiteko, ezinbestekoa da tratamenduen bidea sendotzea. Menpekotasuna dutenen kopuru handi batek halako zerbitzuetara jo izanak gero eta argiago erakusten du, Europako Behatokiaren ustez, arreta eskaintzen jarraitzean eta gizarteratzean jarri behar dela indarra. "Heroinaren kontsumoaren joera berriak gorabehera, arazoaren konponbide zailak adierazten du hori izango dela gako nagusietako bat urte askoan droga menpekotasunari lotutako zerbitzuentzat".