EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek herritarrak beldurtu nahi izatea egotzi dio Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, independentzia "historiako negoziorik txarrena" dela esan zuela-eta. Ortuzarrek uste du Lopezek berak diola beldurra "datorrenari", eta adierazpen hori "ahultasun politikoaren adierazle" dela. Ihardetsi dio bere gobernua izan dela "historiako negoziorik txarrena, garestiena, zor handiena utziko diguna".
Kataluniak erabakitzen duena errespetatuko duela adierazi du Ortuzarrek, baina gaineratu du ez direla "paralelotasunetan edo mimetismoetan" eroriko. "CIUk orain egiteko asmoa duen bidea egin du jada EAJk", esan du: "Guk dagoeneko baditugu estatu egiturak, kontzertu ekonomiko bat, ogasun batzuk, eta horiek dira estatu egiturak". Ortuzarrek adierazi du Euskal Herriaren eta Espaniaren arteko harremana "orain arte mendekotasunezkoa" izan dela: "Guk azken hitza izan nahi dugu".