Ezker abertzaleak larunbatean Zornotzan (Bizkaia) egin zuen elkarretaratzearen ondoren Ertzaintzak atxilotu zuen gaztea ostegunean epaituko dute, "ordena publikoaren kontrako falta" egin duelakoan. Askatasunak agertu du Durangoko Epaitegian jarri diotela ostegunerako hitzordua Getxoko gazte horri.
Larunbatean Sabin Euba iheslari hil berriari omenaldia egin nahi izan zioten Zornotza jaioterrian. Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu egin zuen, ordea, "terrorismoa goratzeko" delitua egiteko arriskua zegoela erabakita. Ertzaintzari ekitaldia eragozteko agindu zion.
Debekuaren ondoren, errepresioaren kontrako eta autodeterminazioaren aldeko manifestazioa antolatu zuen Zornotzako herritar talde batek, baina hura ere galarazi egin zuen Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, debekatutako omenaldiaren ordezkoa zela iritzita.
Hala ere, manifestazioa egitekoa zen lekuan eta orduan ehunka lagun batu ziren, eta Ertzaintzak manifestazioa egitea galarazi bazien ere, elkarretaratzea egin ahal izan zuten 20 minutuz. Ondoren, zenbait manifestarik zabor edukiontziak irauli zituzten eta telefono kabina bat hautsi. Ertzaintzak aipatutako gaztea atxilotu zuen, Getxoko Erromo auzokoa.
Bi orduz atxilotuta eduki ondoren aske utzi zuten.
Ostegunean epaituko dute larunbatean Zornotzan atxilotutako gaztea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu