Batasuneko eledun Arnaldo Otegik azpimarratu duenez, prozesua ez dago hautsita. "Gaur Madrilen gertatu denak ez garamatza martxoaren 24aren aurreko egoerara". Prozesuan aurrera egitea beharrezkoa dela aldarrikatu du Otegik, baina, horretarako "oinarriak" behar direla azpimarratu du. "Oinarri horiek adostuta baldin bazauden ez dira konplitu eta ez bazeuden ez dira eraiki". Aurrera egingo bada, alde guztiek beren konpromisoa azaldu behar dutela nabarmendu du. Batasunak, sosegua eskatu du, eta zaurituenganako elkartasuna azaldu du. Desagertuta dagoen pertsona onik agertzea nahi dutela ere azaldu du Otegik.
Egoera politikoak "kezka handia" sortzen die Batasuneko kideei. Beraiek "horrela ezin da" behin baino gehiagotan esan dutela gogorarazi du Otegik, eta orain ere gauza bera esaten dutela dio. Su-etena eman zenetik pasatu diren bederatzi hilabetetan alderdien arteko mahairik ez dela sortu, akordio politikorik ez dela lortu, euskal presoekin keinurik ez dela egin eta De Juanaren egoera larriaren aurrean ez dela ezer egin gogora ekarri ditu, besteak beste, eta horren ardura Espainiako Gobernuak duela berretsi du.
Hala ere, prozesuak aurrera egin "beharra" azpimarratu du, prozesua ez dela eten nabarmendu du, eta horretarako alderdi guztiek konpormiso argia azaldu behar dutela azpimarratu du. "Batasunarentzat ezinbestekoa da prozesua ber hartzeko ezinbestekoak diren baldintzak berreraikitzea, horrela gatazkaren konponbidearen aldeko prozesua behingoz egonkortu dadin". Batasunaren iritzian horrela bakarrik lortuko da konfiantza berreskuratzea eta elkarrizketa prozesuan aurrera egitea. Bide horretan, Batasunak ekimen berriak abiatuko dituela iragarri du.
Otegi: "Prozesua ez dago hautsita"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu