Otsailaren 14rako greba deialdia egin du ezker abertzaleak, eta LABek "beharrezko" ikusten du

2008ko otsailaren 11
17:45
Entzun
EAE-ANVren eta EHAKren legez kanporatzeei aurre egiteko, eta, oro har,"Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoeraren" kontra greba orokorra antolatu du ezker abertzaleak otsailaren 14rako, datorren ostegunerako. Herritar guztiei deialdiarekin bat egiteko deia egin zieten.

Karmelo Landak, Mikel Etxaburuk eta Karmele Aierbek gidatu zuten atzo arratsaldean lanuzterako deia egiteko agerraldia, hain justu, Espainiako Poliziak bart goizaldean atxilotu dituen 13 lagunetatik hiruk.

LAB sindikatuak, egoera horren aurrean, "beharrezko" ikusten du greba. "Ostegunean neurri antidemokratiko hauei gure arbuioa erakutsi behar diegu jendartean eta enpresetan eta, paraleloki, lurralde guztietako herritarren borondatetik abiatuz, aukera politiko guztiei, baita independentziaren aukerari ere, ateak zabalduko dizkion aldakera politikoaren aldarria indartu behar dugu", esan du gaur LABek, prentsa ohar baten bidez.

LABek berak ostegunerako Euskal Herriko herri guztietan manifestazioak eta elkarretaratzeak deitu ditu (12:00).

"Ez gaude Zuzenbide Estatuaren funtzionamenduaren aurrean, euskal independentismoaren kontrako estrategiaren aurrean baizik. Frogek bost axola dute", dio sindikatuak. Haren ustez, "eraso antidemokratiko eta antijuridiko honen atzean" lau herrialdeetan indarrean dagoen marko politiko autonomikoaren "agorpena" dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.