2007ko abendua. Memoria Historikoaren legea onartu zuten Espainiako Gorteek; Jose Luis Rodriguez Zapatero (PSOE) zegoen gobernuan; PP eta ERC ez beste talde guztiek babestu zuten legea.
2011ko maiatza. Erorien Haranari buruzko adituen lantalde bat sortu zuen gobernuak. Azaroan plazaratu zuen ondorioen txostena: Franco exhumatzea proposatu zuen.
2013ko azaroa. Mariano Rajoyren agintaldian (PP), Francoren deshobiratzea galdegiteko legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen PSOEk, baina gobernuak ez zion bide eman, kontsentsu falta argudiatuta.
2017ko maiatza. Legez besteko beste proposamen batek aurrera egitea lortu zuen PSOEk, Unidos Podemosen eta Ciudadanosen babesarekin. Exhumazioa egin ahal izateko, Memoria Historikoren legea aldatzeko beharra jasotzen zuen testuak.
2018ko ekaina. Zentsura mozio baten bidez gobernua eskuratu eta bi astera, Pedro Sanchezek (PSOE) hitz eman zuen aurreko urteko legez besteko proposamenean jasotakoa bete egingo zuela. Horren berri eman zion diktadorearen familiari.
2018ko abuztua. Gobernuak dekretu bidez onartu zuen Memoria Historikoaren legea aldatzea, Franco exhumatzea eta haren gorpuzkiak El Pardoko hilerrira eramatea. Erabakiaren aurka helegiteak jarri zituzten Madrilgo epaitegietan Francoren senitartekoek, Erorien Harana kudeatzen duen kristau komunitateak, Franco Fundazioak eta beste eragile batzuek. Irailean, Kongresuan eginiko bozketan, PP eta Ciudadanos abstenitu egin ziren.
2018ko iraila. Exhumazioak aurrera eginez gero, Franco non hobiratu proposatu zuen familiak: Madrilgo Almudena katedraleko kriptan duen hilobian. Gobernuak ez zuen egokitzat jo leku hori. 2018ko abendua. Auzitegi Gorenak ez zuen aintzat hartu exhumazioa behin behinean eteteko familiak eginiko eskaera.
2019ko otsaila. Exhumatzeko agindua eman zuen gobernuak, eta senitartekoei hamabost eguneko epea eman zien Almudenakoa ez den beste hilobi bat proposatzeko; bereari eutsi zion familiak.
2019ko martxoa. Franco deshobiratzeko eta El Pardoko hilerrira eramateko eguna jarri zuen gobernuak: ekainaren 10a.
2019ko ekaina. Ekainaren 4an, deshobiratzea eten zuen Auzitegi Gorenak, behin betiko erabakia kaleratu arte.