Abokatua da Paloma Soria (Malaga, Espainia, 1982), generoan eta nazioarteko zuzenbidean aditua. Emakume trafikoari, emakume etorkinen eskubideei eta nazioarteko genero krimenei buruzko hainbat proiektu koordinatzen ditu Women's Link Worldwide elkartean, eta bitan parte hartu du emakumeen auzitegi batean. Argentinatik iritsi berri erantzun die Igandea -ren galderei.
Zein da Women's Link Worldwide elkartearen helburu nagusia? Zein eremutan egiten duzue lan?
Gure ahalegina da justizia genero ikuspegiarekin aplikatzea, eta, hortaz, justizia arloan lan egiten dugu. Izan ere, giza eskubideen aldeko elkarteek hainbatetan ez dute genero ikuspegia txertatzen, eta emakumeen elkarteek, berriz, agian ez dituzte auzitegiak audientzia nagusi gisa. Hori da guk betetzen dugun hutsunea. Justizia arloan lan egiten dugu, zuzenean, justizia sistemetan aldaketak eragiteko. Auzitegietara jotzen dugu, kasu zehatzen bidez, emakumeen eskubideak sustatzeko. Zenbait elkarterekin elkarlanean ere aritzen gara.
Auzi estrategikoa izeneko tresna baliatzen duzue. Zer da, zehazki?
Auzitegira jotzea pertsona jakin bat ordezkatzeko, baina kasuaren interes orokorra edo helburua izatea kolektibo oso baten eskubideak sustatzea. Hau da, tresna hori baliatzen dugu emakumeen bizitzetan benetako aldaketak lortzeko. Adibidez, egon liteke betetzen ari ez den lege berri bat; beraz, guk kasu jakin bat eramaten dugu auzitegira, legea bete dadin. Benetako adibide bat jartzearren, Kolonbian aurkeztu genuen auzi bat aipatuko nuke; abortua zigortua zegoen han, eta kasu honekin zigorgabetzea lortu genuen.
Ezberdintasunak ezberdintasun, tresna horren eta auzitegi sinbolikoen filosofiak antzekoak dira, ezta?
Bai, egia esan ez nintzen horretaz jabetu, baina egia da auzitegi sinbolikoek ere kasu jakin batetik harago eragin nahi dutela; badute ikuspegi hori kasu jakin batetik gehiago ikusarazteko, errealitate bat ikusarazteko. Bien arteko ezberdintasun nagusia izan liteke auzitegi sinbolikoek lobby gisa jarduten dutela botere legegilean eta eragilean eragiteko, eta guk judizialera jotzen dugu.
Kolonbian iaz eta Bilbon aurten egindako kontzientzia auzitegietan parte hartu zenuen. Tresna eraginkorra direla uste duzu? Zergatik?
Uste dut auzitegi sinbolikoak hainbat ezaugarrigatik direla tresna eraginkor eta erakargarriak. Uste dut baliagarriak direla, gaitasuna dutelako elkarteak bildu eta organismoen aurrean aldarrikapen bateratuak egiteko. Oso interesgarria da, kontzientzia auzitegiek botere legegile edo exekutiboetan eragin nahi dutelako herrialdeetan, eta aldarrikapenak biltzeak indartsuago egiten ditu. Eta, bestetik, baliagarriak iruditzen zaizkit oso modu bisualean egiten dituztelako aldarriak ikusgarri; auzitegien aurrean egiten dituzte, estatu erantzukizunak eskatzen dituzte, eta haiei zuzentzen zaizkie betetzen ez duten hori bete dezaten. Oso interesgarria iruditzen zait auzitegiaren irudia erabiltzea.
Epaiak ere sinbolikoak dira, baina zein eragin izan dezakete, gizarteari eta justizia sistemari begira?
Uste dut, sentsibilizazio lanaz gain, badutela gaitasuna estatuen aurrean benetako eskakizunak artikulatzeko. Ez da beti erraza izaten estatuari zer eskatzen diozun definitzea, baina gaitasuna badute argi eta zehatz hori egiteko, oso esperientzia ezberdinak erabiliz, gainera. Uste dut lobby lan interesgarria egiten dutela estatuko botereei begira.
Guatemalan, Rios Montt eta Rodriguez Sanchezen aurkako auzibide historikoan parte hartu zenuen, peritu gisa. Nolakoa izan zen hura?
Momentu berdingabea izan da niretzat, profesionalki eta pertsonalki. Guatemalan epaiketa hori egiteko, zigor hori emateko (nahiz eta gero baliogabetu), han gertatu zen guztia ikusarazteko egin dute borroka, batez ere emakumeek eta lagundu dieten elkarteek; niretzat, mugarri historiko bat da. Latinoamerikan, inoiz ez zen zigortu estatuburu bat genizidio krimenengatik; aurrekari oso bakana izan da. Eta are, hainbeste bazterkeria jasan duten emakume indigenek justiziarako sarbidea izate hutsa... Halakoetan jabetzen zara zure lanak benetako eragina izan dezakeela pertsonen bizitzetan, eta nola justizia mekanismo bat izan daitekeen emakumeen eskubideek aurrera egiteko. Epaiketari ez ezik, hamabi urtez epai hori lortzeko eginiko lan guztiari begiratzen diot, eragin izugarria izan baitu.
Borroka horretan, 2010ean auzitegi sinboliko bat antolatu zuten bertako emakume taldeek. Uste duzu epaiketan eraginik izan zuela?
Nik baietz uste dut. Guatemalan, sexu indarkeria ikusezina zen, eta emakume taldeek elkarlanean egindako lanak bide berri bat ireki zuen. Auzitegia egin ondotik, hori errealitate bat zen ordurako, eta gizarte osoa jakitun zen. Auzitegiak posible egin zuen mahaiaren gainean jartzea gatazka armatuari lotutako sexu indarkeriaren gaia; hori oso zaila zen Guatemalan. Ekarpen oso ona izan zen, oso ongi landua.