Patxi Lopez: "Estatutu Berrirako Proposamena ez da inoiz onartuko, ez du irtenbiderik"

2005eko urtarrilaren 14a
15:03
Entzun
PSE-EEko idazkari nagusi Patxi Lopezek Radio Euskadin adierazi duenez, "Gasteizko Legebiltzarrak onartutako Estatutu Berrirako Proposamena ez da inoiz onartuko, legez kanpokoa delako. Ez du irtenbiderik". Ibarretxek eta Zapaterok Moncloan izandako bileraren ostean Zapaterorekin hitz egin zuela onartu du Lopezek. "Bost minutuz aritu ginen solasean. Ibarretxeri esan ziona berretsi zidan. Zapaterok argi esan zion Ibarretxeri ez duela Estatutu Berrirako Proposamena negoziatuko".

Patxi Lopezen ustez, "ez dauka logika handirik proposamena Euskal Herrian negoziatu gabe Madrilera eramatea. Negoziazioa hemen egin behar da lehenik eta behin. Egungo marko politikoa sentsibilitate ezberdinak dituzten herritarren arteko ituna da. Ibarretxeren Plana, berriz, soilik alde bakarrekoa da, ez du gizarte osoa ordezkatzen. Herri honek azken 25 urteetan izan duen marko politkoa apurtzen du".

PSOEren jarrera zehaztu baino lehen Espainiako Kongresuaren erabakia ikusi behar dela dio Lopezek. "Kongresuaren erabakiaren zain egon behar dugu. Ibarretxek ez dio inolako zilegitasunik ematen Espainiako Kongresuari, eta horrek ez du ez hankarik ez burutik. Are eta gehiago. Egun Madrilgo Kongresuan dauden Euskal Herriko diputatuen gehiengoak Estatutu Berrirako Proposamenaren aurka bozkatuko du. Agerikoa da da Kongresuak ezetz esango diola Planari, eta paktua Euskal Herrira itzuli egingo dela, hemen eztabaidatua izan dadin. Egungo errealitate politikoak eta legediak diotenez, subiranotasuna Espainiako Kongresuari dagokio, eta hori ez onartzea demokraziaren aurkako da. Ibarretxek jakin badaki Gernikako Estatutua aldatzeko batetik Gasteizko Legebiltzarreko gehiengo absolutua behar dela, baina Espainiako Kongresuaren gehiengo absolutua ere behar da".

Ibarretxek negoziatzeko borondate gutxi duela dio Lopezek. "Ibarretxek gatazkaren bidea bilatzen du, ez konponbidearen bidea. Beti mehatxuka dabil, benetako irtenbide bat bilatu gabe. Ibarretxek honako hau dio: 'Edo nire plana onartzen duzue edo ez da ezer onartzen'". PP eta PSOEren borondateak ez duela euskal herritarrena ordezkatuko adierazi zuen atzo Ibarretxek. Lopez gogor kritikatu ditu hitz horiek. "Euskal Herrian sentsibilitate politiko ezberdinak daude, eta Ibarretxeren Planak gizartearen erdia baztertzen du. PPk eta PSOEk milaka jarraitzaile dituzte Euskal Herrian, eta horein borondatea ere errespetatu beharra dago. Ibarretxek, ordea, horien interesak ez ditu errespetatzen".

Herri kontsultaren aurka ere gogor aritu da Lopez. "Mila bider esan dugu ezin dela Estatutu Berriako Proposamenak bilatzen duen herri kontsultarik egin, legez kanpokoa eta Konstituzioaren aurkakoa delako. Hala ere, nik bi kontsulta mota bereiziko nituzte, edozein legediren gainetik. Batetik herria batzeko balio dutenak, eta, bestetik, herria banatzeko balio dutenak. Ibarretxek bigarren mota honetako kontsulta bat planteatzen du".

Maiatzean hauteskundeak izango dira Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Ezker abertzaleak hauteskunde horietan izatea bere esku dagoela dio Lopezek. "Ezker abertzalearen esku dago aurkeztea. Arauak berdinak dira guztientzat. Indarkeriari ezetz esaten badio, indarkeriari uko egiten badio, gainontzeko alderdi politikoen aukera berdinak izango ditu ezker abertzeak".  
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.