ALBERTO BARANDIARAN - IRUÑEA
Iruñeko Instrukzio Epaitegiak Pedro Pegenaute Nafarroako Hizkuntza Politikarako zuzendariaren eta Fermin Villanueva Hezkuntza zuzendariaren aurka ahozko epaiketa zabaltzea erabaki du, ustezko prebarikazio delituagatik. Euskara Kultur Elkargoak (EKE) diru laguntzen banaketan irregulartasunak leporatzen dizkie biei, eta hamar urtean kargu publikorik betetzeko gaitasunik gabe uztea eskatzen du. Komunikabideetan euskara sustatzeko 2001eko diru laguntzen deialdian Diario de Navarra argitaratzen duen enpresari diru laguntza bidegabe onartzea leporatzen diete garai hartako Hizkuntza Politikarako Zuzendari Nagusiko buruei.
Epaileak bertan behera utzi du Julen Calvo teknikariaren aurkako salaketa, eta ez ditu onartu hiruren aurka EKEk hasieran egin zituen beste akusazioak; dokumentuak faltsutzea tartean. Fiskalak bi akusatuen absoluzioa eskatu du. Abokatuak, berriz, apelazio helegitea aurkeztu du Auzitegi Nagusiko Zigor aretoaren aurrean.2001eko diru laguntzen deialdian, Diario de Navarra egunkaria argitaratzen duen enpresak 31.536 euroko diru laguntza jaso zuen. Euskaldunon Egunkaria-k argitaratutako informazio bati esker jakin ahal izan zen diru laguntzak jasotzeko dokumentazioa epez kanpo aurkeztu zuela Diario de Navarra-k, eta horren berri izan, bazutela bi arduradunek. Zuzendaritzako arduradunek teknikari baten eta departamentuko legelariaren aurkako iritziarekin erabaki zuten diru laguntza ematea.
Nafarkaria laguntzarik gabe
Hain zuzen ere, Zuzendaritza Nagusiak Euskaldunon Egunkaria-k argitaratzen zuen Nafarkaria gehigarria diru laguntzarik gabe utzi zuen 2001eko deialdi horretan. Hortik aurrera, jada, gaztelaniazko komunikabideak hasi ziren euskara sustatzeko diru laguntzarik handienak jasotzen.
Orain arte egin diren aurretiazko diligentzien ondorioz, EKEk frogatutzat eman du auzitan dauden dokumentuak abenduaren 18an sartu zituztela erregistro nagusian. Hau da, epea bukatu eta lau egun geroago. EKEren arabera, hori guztia bidegabea zela jakinda, eta mesede egiteko asmoarekin erabaki zuten Fermin Villanuevak eta Pedro Pegenautek diru laguntzak ematea.Fiskalak, bestalde, argigarritzat jo ditu departamentuko hainbat teknikariren lekukotasunak, eta «arrazoi burokratikoak» aipatu ditu berak aurkeztutako idazkian.Euskara Kultur Elkargoko zuzendari Iulen Urbiola pozik agertu zen atzo epailearen erabakia jakin orduko, baina, hala ere, helegitea erabakitzeke dagoela ohartarazi nahi izan zuen. «Instrukzio epailearen erabakia baikor izateko modukoa da, guk esandakoa berretsi duelako. Baina, nolanahi ere, zalantza handiak ditugu».
Urbiolaren esanetan, epaileak arrazoia eman dio EKEri argudio nagusiaren inguruan. Hau da, laguntzak azkenean nola erabaki ziren aztertu behar dela esan du epaileak, «duda handiak daudelako». Urbiolak, hala ere, zuhurtziarako mezua zabaldu nahi izan zuen.«Prebarikazioagatik akusazioak zailak dira oso, eta helegitea erabakitzeke dago oraindik. Nolanahi ere, zigor aretoko epailearekin orain arte izan dugun esperientzia ona izan da, guk proposatutako erabaki guztiak onartu egin dituelako».
2006/02/03
Pegenauteren kontrako ahozko epaiketa zabaltzea erabaki dute (2006/02/03)
Euskararentzako diru laguntzak direla eta, Iruñeko instrukzio epaitegiak aski froga atzeman ditu Hizkuntza Politikarako Zuzendari Nagusiaren aurka EKEk jarritako salaketa aztertzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu