Peio Fagant eta Brigitte Larre aske utzi ditu gaur eguerdian Frantziako Poliziak. 71 urteko gizona herenegun atxilotu zuten Bidarteko (Lapurdi) bere etxean, eta hau miatu zuten. Ipar Euskal Herriko ostatuen kontuen harira galdekatzeko atxilotu zutela zabaldu zuten iturri judizialek. Larre bikotekidea du, eta atzo atzeman zuten, Baionako polizia etxera haren berri izateko joan zenean. Hala, libre daude herenegun eta atzo artean atxilotutako sei lagunak: Fagant eta Larrez gain, Jeanine Tapia, Mathieu Tuya, Jean-François Anpo eta Maialen Zuhasti. Gaur, ordea, beste bost lagun deitu dituzte deklaratzera.
Anpo eta Zuhasti hainbat orduz atxiki zituen Poliziak, hauek deklaratzera deitu ondotik. Tapia eta Tuya ere deklaratzera deitu zituen, eta polizia etxean zirela atxilotu zituen. Galdekatu ondoren aske utzi zuten azkena Anpo izan zen; atzo 22:00ak aldera geratu zen libre. Zuhasti, Tuya eta Tapia ere aske dira, kargurik gabe.
AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu du azken hilabeteetan 90 lagun inguru galdekatu dituela Frantziako Poliziak Ipar Euskal Herriko ostatu abertzaleen finantzazioaren gainean. Alabaina, AAMren idurikotz, galdekatze horiekin "mundu abertzalearen fitxaketa masiboa" egiten ari da Frantziako Polizia.
Peio Fagant eta Brigitte Larre aske utzi ditu Frantziako Poliziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu