Huts egiteko beldurrik gabe egiten ditu Pello Zabalak eguraldi iragarpenak. Urte askoko eskarmentua du. Aurreko urteetako datuei erreparatzen die batez ere. Dagoeneko egin du datozen hilabeteetako iragarpena. Udan ekaitz dezente izango direla dio.
Nolakoa izan da aurtengo otsaila zure ustez?
Aurtengoaren inguruan hitz egiteko atzera egitea komeni da. Nik, behintzat, hala egiten dut. Hori eginda, esan daiteke lehenago ere dezentetan izan direla aurtengoa bezalako otsail belaxkak. Atzo izan zen eguraldi txarra ere normala da. Joan den astetik ilbeheran gaude, eta horrek ekarri ohi du eguraldi txarrena sasoi honetan.
«Eguraldi hau ez da normala» da, hala ere, kaleko jendearen artean gehien esaten den esaldia.
Bai, hala da. Baina garbi izan behar da naturak antolatzen duela eguraldia. Agian ez du guk nahi dugun giroa ekarriko, baina naturak egiten duen guztia normala da. Naturak bere mekanismoak ditu, eta guk ezin ditugu aldatu.
Eta noiz arte jarraituko du udaberri kutsuko negu honek?
Esaera batek dio: Gabonetan balkoian, Pazkotan su bazterrean, eta hala izango dela uste dut. Aste Santuaren ostean, martxoaren 26 aldera, berriro ere ilbeheran sartuko gara. Hortik aurrera eguraldia petraldu egingo da, eta apirilean euri dezente egingo du.
Aste Santua, beraz, ona izango da.
Oraingoz, zientzia ikuspegitik ez dugu iragarpen zehatzik. Baina, esan bezala, martxoaren 26ra arte eguraldia txukuna izango da. Egun sargoriak izango dira nagusi martxoan ere. Beraz, jendeak ez du aitzakiarik izango oporraldiaz eta Aste Santuko ospakizunez disfrutatzeko.
Eta uda?
Negua negu izaten ez den urteetan, beti izaten da errezeloa udako eguraldiarekin. Normalean, ekaitz dezente egiten du halakoetan. Datuei erreparatuz gero, halere, ikus daiteke duela 19 urteko negua aurtengoaren antzekoa izan zela. Orduan uda oso lehorra izan zen. Espero dezagun aurtengoa hala ez izatea, neurrian eginez gero euria beti baita ona naturarentzat, ama lurrarentzat. Nekazariek eskertuko dute, behintzat. Aurtengo udan ekaitz dezente izango dela uste dut.
Pello Zabala: «Martxo amaieran petralduko da eguraldia, eta apirilean euri dezente egingo du»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu