Kanpaina garaian, joan den astean, egindakoa da elkarrizketa hau:
"EZ DIEGU SUBIRANOTASUNARI ETA AUTODETERMINAZIOARI UKO EGINGO"
ERCko abertzaleek PSCrekin ituna egiteko aukera irekita utzita eta CiUrekin boto lehian arituta nazionalismo katalanari ez diotela mesederik egiten adierazi dio berriari Convergenciako hautagaiak
Jose Mari Pastor -
Bartzelona
Berriemaile berezia
«Bilera egiteko gela da. Nabari zaio, ezta?». Pere Macias zutik dago, elkarrizketa hasi aurretik jadanik igandeko emaitzei buruz hitz egiten. Azken inkestak ditu abiapuntu. «52 diputatu ematen dizkigute, ondo dago». Praka eta mokasin beltzak daramatza, alkandora zuria arraia finekin. Bulegoan bi mahai daude: berea, leihoaren aurrean, ondoan Kataluniako eta Europako banderak dituela; barrurago, mahai luze bat, hamar bat lagun elkartzeko modukoa. Mahaiburuko eserlekuaren aurrean bi luma luze, apaingarri. Atzean, Jordi Pujolen argazkiak.
Kanpainako azken egunetan ERC-PSCren arteko ustezko itunaren kontra hasi da mintzatzen Artur Mas: Macia, Companys eta Barrerak PSOErekin inoiz ez luketela itunik egingo esan du. Azken ahalegina da CiUtik ERCra boto gehiago ez joateko?
Artur Masek hauxe eskatu dio ERCri: haren botoek edo diputatuek Kataluniako historian lehen aldiz presidente bat aukeratzen ez laguntzeko, zeinaren alderdiaren erabakiak ez diren soil-soilik Kataluniaren barruan hartuko. Halakorik ez da inoiz gertatu. Lliga Regionalista, Esquerra Republicana eta Convergencia i Unioko presidenteak izan ditugu, baina ez dugu inoiz katalanista ez den indar politiko bateko presidentea izan. Paradoxa larria izango litzateke nazionalista erradikalena den jendearen botoekin PSOEko presidente bat ateratzea, Maragall jauna PSOEko komite federalean esertzen baita. Boto nazionalistak jakin behar du presidente nazionalista bat izateko bermea CiUk beste inork ez diola emango.
Carod-Rovirak garai bateko pujolismoa aldarrikatu du: «Katalanista, antifrankista eta sozialdemokrata». Zuen kontrako erasoa da hori, CiUren garapenari kritika zorrotza.
Azken urteotan Esquerra Republicanak bere ikuspegi taktikotik zuzena izan daitekeen politika garatu du: «Botoak non lor ditzaket?» dio. Botoak ezkerretik jaso ditzakete, Iniciativatik gutxi, baina PSCtik asko, batez ere etsipenez dagoen sozialismo katalanistatik. Baina hori egin beharrean zentrora joan dira, non CiU beti egon den, eta oraindik dagoen, eta haren helburua horretara mugatu du. Hori zilegia da alderdi batentzat, baina ez horrenbeste ikuspegi nazional batetik, zeren, seguruenik, alderdi nazional baten helburuak esparru nazionalista hedatzea izan beharko luke, eta ez esparru horren inguruan beste baten kontra borrokatzea. Esparru nazionalista hori borrokatzea ere bai, noski, baina batez ere, hedatzea da garrantzitsuena. Hori dela-eta, uste dut Esquerrak ez diola mesederik egiten nazionalismo katalanari.[Lasai mintzatzen da, ahots leunaz, soinua inoiz aldatu gabe. Diskurtsoa oso ondo ikasia dauka. Noizean behin burua jaisten du grabagailurantz begiratzeko].
CiU eta ERCko botoemaile asko zenbait arlotan hain urrun ez badaude, zerk oztopatu du bi alderdien arteko akordioa?
Guk akordio hori eskaini genuen. Kontu jakina da. Maragallen zentsura mozioaren biharamunean Artur Masek akordioa eskaini zion ERCri agintaldiaren erdian, PPren jarrera erabat bortitza bihurtzen ari zela ohartu ginenean, hitz samurrekin esateko. Gobernuan sartzeko hitzarmena eskaini genuen, oreka izateko. Ezezkoa emateko Carodek 30 segundo ere ez zuela itxaron esan zuen orduan Masek, eta Carodek, 30 segundo ez, 15 segundo izan zirela horiek. Beraz, ez da CiUren borondate ezagatik izan. Nire ustez, alderdiaren nahikeria interes nazionalari nagusitu zaio Esquerran. Hortan da, epe luzera, ERC egiten ari den huts estrategikoa.
Nazionalista katalan askok, baina, nekez sinesten dute hitzarmenak PPrekin indar katalanista aurrerakoiekin baino errazago egin daitezkeenik. Nola azalduko zenieke zuk hori herritarrei?
Guk PPrekin akordioak egin ditugu Madrilen, PSOErekin ere bai, eta UCDrekin, arrazoi bakarragatik: Madrilen boterean zegoenarekin hitzarmenak egin behar izan ditugu. Hitzarmen horiek egiteko aukera izan dugu batzuetan, eta beste batzuetan, ez. Sozialismo gerristaren lehen garaietan, Katalunia nazioaren ideiaren kontra oso sozialismo erasokorra zena, orduan ere ezinezkoa izan zitzaigun zerbait hitzartzea. Gerrismoa indarra galtzen hasi zenean eta sozialismoa arlo horretan apur bat leundu zenean, orduan bai, akordioak izan ziren. PPk gehiengo absolutua izan ez duenean, ondo joan da, baina PP eskuinetik eskuin gogorrera pasatzean, batez ere aznarismoa dei dezakegun joera horretara, nazionalismo katalanari ezinezkoa izan zaio PPrekin ondo moldatzea. Horrek data zehatza dauka: Aznar bere diputatuekin Donemiliaga Kukulan elkartu zen eguna. Hantxe amaitu zen guztia, autonomien Espainiaren bukaera da hori, Espainia batua berriro. Orduan guk zera esan genion Esquerrari: markoa aldatu egin da eta beste erantzun bat behar da, batera. Baina Esquerrak ezezkoa eman zuen, eta horrek penatu egiten nau. Hala ere, esan egin behar da zenbait arlotan ituna egin dugula. Lege batzuk, nazioaren defentsa gorpuzten dutenak, Esquerrarekin hitzartu ditugu, baita Iniciativarekin ere. Hirigintza legea, esaterako, ERC eta ICVrekin lotu genuen. Lege hori oso garrantzitsua da, lurraldea nola nahi duzun zehazten duelako, eta Kataluniarentzat lurraldetasuna nazio katalanaren oinarrietako bat da. Hori ERCrekin eta ICVrekin hitzartu genuen, eta alderdi espainolistek kontra egin zuten.[Oloteko alkatea izan zen, baita Lurralde Politikarako kontseilaria ere. Postu hori utzi eta CiU berriaren kudeaketa politikoa hartu zuen bere gain. Federazioaren estrategia diseinatu eta Artur Masen bidea prestatu du. CiUk irabaziz gero, gobernu berriko kontseilariak nortzuk izan daitezkeen esango dutenetako bat izango da].
Bere programan subiranotasun partekatuaz mitzatzu da CiU. Nolakoa izango litzateke hori?
Kontzeptu hau aspaldidanik garatzen ari gara, eta arrazoi askorengatik baliagarria izango dela uste dut, zeren jada ez da mugarik gabeko subiranotasuna munduan. Mundu interdependentean bizi gara eta gaur behar dena zera da: interdependentzia hori kudeatzea. Baina guk ez diogu herri katalanaren subiranotasunari uko egingo, ezta autodeterminazio printzipioari ere.
CiUk «herri izateko eskubidea» aipatzen duenean, autodeterminazio eskubideaz ari da, zuzenean ez dioen arren?
Guk eskubide horren alde egin dugu beti, eta Kataluniako Legebiltzarrak horren aldeko botoa eman du zenbait aldiz. Beti ere kointzidentzia batzuekin: PSUCekin orain Iniciativa Esquerrarekin, sozialisten joera aldakorrarekin, batzuetan alde eta beste batzuetan kontraÉ [Goizeko zortzietan joan da Corsega kalean CiUk duen egoitza nagusira, ohiko bilera egitera. Elkarrizketaren ondoren alde egingo du, kanpainan bete-betean sartuta segitzeko].
Nola landuko duzue estatutu berriaren proiektua?
Gure estrategia, lehenik eta behin, estatutu berria hemen hitzartzea da. Hori onartzeko, Legebiltzarrean bi herenen sostengua lortu behar dugu, eta horrek esan nahi du nahitanahiez sozialisten beharra izango dugula. Estatutu berria hitzartzeko prozesua CiUk gidatzen badu, edo sozialistek gidatzen badute, bada, gauza ezberdinak izango dira.
Haiek ere estatutu berria eskatzen ari dira, baina kontu estetikoa da, sozialistek egiten dituzten gauza horiek, izena aldatu, eta abarÉ baina benetako edukirik gabe. Guk prozesu hori gidatuz gero, sozialistak segitzera behartuak izango dira. Guk negoziazio politikoa egingo dugu Espainiako Estatuarekin, eta horren emaitzak, noski, martxotik Espainiako Estatuan sortuko den esparru politiko berriaren menpe egongo dira ezinbestean. Guk alde bien arteko negoziazioak nahi ditugu; kafea denontzat delakoa ez dugu inoiz onartu, edo orain sozialistak egiten ari direna, Santillana kafea, edo Bono kanpainan esaten ari dena.
z Hamaikakoa
1. Maria del Mar Bonet ala Lluis Llach? Maria del Mar Bonet, La Garrotxa nire eskualdeari lotuago dagoelako.
2. 'Altxorraren uhartea' ala 'Robinson Crusoe'? Ez bata ez bestea.
3. Jainkorik gabeko paradisua ala infernua Jainkoarekin? Fededuna naizenez, nire erantzuna da paradisua Jainkoarekin egiten saiatzea.
4. Quebec ala Bavaria? Quebec, zalantzarik gabe.
5. Trufak ala krema katalana? Ez bata ez bestea.
6. Marokoar bat katalaneraz hitz egiten duena, ala murtziar bat espainolez besterik ez dakiena? Marokoar bat, katalanez mintzo dena.
7. La Molina ala Baqueira? La Molina, zalantzarik gabe.
8. San Joan gaua ala Gabon Gaua? San Joan gaua.
9. Osasun zerbitzu publikoan doan: haginen konponketa ala naturista? Kar, kar, karÉ Nik, arrazoi askorengatik, gero eta gehiago sinesten dut medikuntza naturistan.
10. Sharon Stone ala Nicole Kidman? Berdinketa (irribarrez). Ez nuke erabakitzen jakingo.
11. Aznar ala Zapatero? Ummm... Zapatero, baina Aznarren eliminazio hutsagatik, kalte handia egin dielako Espainiako Estatuaren barruan dauden herriei.
Kataluniako Legebiltzarrerako bozak
Pere Macias, CiUko idazkari nagusiaren ondokoari elkarrizketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu