Euskal Herriko "gatazka behin betiko konpontzeko aukera zabalik" dagoela nabarmendu du Joseba Permach Batasuneko koordinatzaileak, ETB2ko El Punto saioan egin dioten elkarrizketan. Baieztapen hori egiteko bi arrazoi eman ditu: batetik, ETA su-etenean dagoela; bestetik, ezker abertzaleak larunbatean Iruñean Anaitasuna aretoan egin zuen proposamenak konponbiderako oinarriak izan daitezkeenak proposatzen dituela. Horrenbestez, aukera hori "aprobetxatzeko" deia egin die beste alderdiei.
"Alderdi gehienek ez dute nahi izan [Anaitasunako] proposamenaren edukien eztabaidan sartu. Eta ez dute nahi izan proposamen horren bidez mahai gainean jarri delako egungo marko juridiko-politikoa gainditzeko eta konponbidea lortzeko aukera bat. Gaur gaurkoz, proposamen hori kritikatzea zaila da, eta horregatik ez dira sartu alderdi gehienak eztabaida horretan", iritzi dio Permachek. "PSOE eta EAJ bereziki saiatu dira eztabaida indarkerian zentratuz ezker abertzalearen teilatuan uzten. Baina pilota alderdien eskutan dago".
Alde horretatik, alderdien arteko solasa abiatzeko garaia dela uste du, ETAk zer esango zain egon gabe. "[ETAren komunikatuaren zain egotea] Axolagabe jokatzea litzateke. Erakunde horren balorazio politikoek garrantzia dute, baina horren gainetik badakigu herri honetan gatazka bat dagoela, historikoa, eta lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea direla gakoak. Hori guztia konpontzeko aukera zabalik dago, nahiz eta prozesuaren bilakaera inork uste eta nahi ez bezalakoa izan den", esan du Batasuneko kideak. "Uste dugu larunbatean aurkeztu genuen proposamenak auekrak ematen dituela alderdi guztien artean konponbiderako aurreakordioa lortzeko, definitzeko mahaian eseri aurretik zertaz hitzegin eta negoziatuko du gun. ETAk gauza bat edo bestea esan, alderdien eskuetan dago erantzukizuna".
Permach: "Gatazka konpontzeko aukera zabalik dago"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu