Joseba Permach ezker abertzaleko kideak agerraldia eskaini du gaur arratsaldean Hernanin Kontxi Sanchis emakumezkoaren heriotzaren inguruan argibideak emateko. "Kontxiren heriotza ez da gertakari isolatu bat", azpimarratu du Permachek, eta Euskal Herriko komunikabideei Espainiako komunikabideek egiten dutena ez egiteko eskatu die. Halaber, euskal alderdiei Acebesekin bat egitea leporatu die: "Ibarretxeren jarrera arduragabearen ondorioz galdu du Kontxik bizitza", azpimarratu du ezker abertzaleko ordezkariak. "Salbuespen egoeraren aurrean kalera atera beharra" dagoela esan du Permachek. Asteartean "autodeterminazioaren alde" egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. Arratsaldeko zortzietan manifestazioa egingo da Hernanin Kontxi Sanchisen heriotza salatzeko.
Joseba Permach Batasuneko kideak agertu duenez, milaka lagun atera dira gaur eguerdian kalera Angel Berrueta Iruñeko Donibane auzoko okinaren heriotza salatzeko deitu zeuden mobilizazioetan parte hartzera. Atxilotuak asko izan direla eta poliziaren jazarpena nabaria izan dela esan du Permachek. Gaur arratsaldean prentsaurrekoa eskaini du Permachek, beste zenbait lagunekin batera, eguerdian hil den Kontxi Sanchis emakumezko hernaniarraren heriotzaren inguruko xehetasunak emateko.
"Ezker abertzaleak ez du gezurrik erabiltzen, ez dugu informazioa manipulatzen; familiak esandako kontatzen dugu", esanez hasi du Permachek agerraldia. Kontxiren heriotza ez dela "gertakari isolatua" azpimarratzeaz gain, Espainiako Poliziaren, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren jazarpena salatu du Batasunekoak. Permachek Euskal Herriko komunikabideei Espainiako hedabideek egin dutena ez egiteko eskatu die, eta Euskal Herria "salbuespen egoeran" dagoela nabarmendu.
"Bi zerraldo politiko"
Angel Berruetaren eta Kontxi Sanchisen heriotzarekin "bi zerraldo politiko" mahai gainean daudela azpimarratu du Permachek. Ildo horretatik, ezker abertzaleak ostegunean Madrilen gertatuko sarraskia gaitzetsi egin zuela gogoratu du, eta PPk eta Ibarretxek ETA ez zela izan bazekitela adierazi du. "PPk Ibarretxeren laguntzarekin kriminalizazio kanpainari ekin dio, Euskal Herria eta ezker abertzalea jopuntuan jarriz", azpimarratu du.
Halaber, EAJ, EA, EB-IU, Aralar-Zutik eta Nafarroa Bairi "Acebesekin bat egitea" egotzi die Batasuneko eledunak, "Acebesei aurre egin beharrean". "Ibarretxeren jarrera arduragabearen ondorioz galdu du Kontxik bizitza", salatu du.
"Kalera atera beharra"
"Egoera oso larria da. Salbuespen egoera areagotzen ari da, eta horri aurre egiteko kalera atera beharra dago. Aurre egin behar zaio egoerari, egiaren alde", azpimarratu du Joseba Permachek. Batasuneko kideak bi hilketa horiek argitzeko eskatu du, eta bihar arratsaldeko zortzietan Angel Berruetari azken agurra emateko hileta elizkizunak egingo direla gogoratu du.
Astearterako berriz protesta eguna deitu du ezker abertzaleak, "autodeterminazioaren alde eta Espainiari hortzak erakusteko". Halaber, "ezker abertzalearen kontrako jazarpena" salatu du eta euskal alderdi politikoei eta komunikabideei gogoeta egiteko eskatu die.
Arratsaldeko zortzietan manifestazioa egingo da Hernanin Kontxi Sanchisen heriotza salatzeko.
Ezker abertzalearen agerraldia
Permach: "Kontxiren heriotza ez da gertakari isolatua"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu