Japonian egoitza nagusia duen Pioneer konpainiak 10.000 langile kaleratuko ditu mundu osoan, eta telebistak ekoizteari utziko dio. Hala azaldu dute gaur enpresako arduradunek, eta neurriak "krisiaren eraginez" hartzea erabaki dutela zehaztu.
Kanporatuko dituen langileetako 6.000k kontratu iraunkorra dute. Konpainiak zituen irabazi aurreikuspenak gutxitu dira, eta orain 1.443 milioi dolarreko galerak izango dituztela uste dute arduradunek. Iazko urrian, 866 milioi dolarrekoak espero zituzten urte honetarako.
Horiek horrela, "krisiari aurre egiteko", ibilgailuetarako aparatu elektronikoak besterik ez dituzte ekoitziko beren lankokietan. Horren ondorioz, 2010 urtea baino lehen telebistak eta etxeko tresnak egiteari utziko diote.
Horrez gain, konpainiak ez dizkie ordainsariak ordainduko zuzendariei, eta hauen soldatak %20 eta %50 inguru murriztuko ditu 2011ko martxoa arte.
Tokioko konpainiak 36.900 langile ditu orain kontratu iraunkorrarekin, eta iazko martxotik abendura bitartean 5.900 kaleratu zituen.
Lehenagotik Japoniako beste enpresa handi batzuek, Sony etxeak (16.000 langile kalean), NECek (20.000) eta Nissanek (20.000) ere, antzeko neurriak iragarri zituzten.
Pioneer etxeak 10.000 langile kaleratuko ditu eta telebistak ekoizteari lagako dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu