Plastikozko poltsen debekua onartu dute Frantziako diputatuek

2014ko urriaren 14a
17:31
Entzun

Frantziako Asanblea Nazionalak Trantsizio Energetikoaren legegaia onartu du. Aldeko 314 boto izan dira (PS, PRG eta Berdeak), eta aurkako 219 (UMP, Ezkerreko Frontea eta MRC). UDI zentristako diputatu gehienak abstenitu egin dira. Legegaia Senatura igaroko da urtearen amaieran. Behin betiko udaberrian onartzea espero du Frantziako Gobernuak. 

Segolene Royal Ekologia ministroak aurkeztutako legearen helburu nagusia da Frantziak energia nuklearrarekiko duen menpekotasuna gutxitzea: gaur egun argindarraren %75 sortzen dute zentral nuklearrek, eta %50era jaitsi nahi dute zati hori 2025rako. Hori nola egin behar den ez du zehazten legeak, baina erreaktore batzuk itzaltzea ekarri beharko luke.

Eztabaidan zehar legegaiari egindako zuzenketa batek eragin handia izango du Ipar Euskal Herriko eta Frantziako herritarrentzat: 2016tik aurrera erabilera bakarreko plastikozko poltsak debekatu nahi dituzte. Halaber onartu dute erabailera bakarreko plastikozko ontziak eta mahai-tresnak debekatzea, 2020tik aurrera. 

Ibilgailu elektrikoak sustatzeko neurriak eta etxebizitzak hobeto isolatzeko laguntzak ere finkatzen ditu Trantsizio Energetikoaren legegaiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.