Podemosek PSOErekin gobernua osatzeko programan zenbait proposamenek izaera "zentralizatzailea eta zentralista" dutela adierazi du Andoni Ortuzar EBBko buruak Cope irratian. Haren ustez, Podemosek "erreformatu beharreko materia asko" sartu ditu bertan, baita Espainiaren egituraren ingurukoak ere, erkidego autonomoei dagozkien eskumenen inguruan.
Ortuzarren arabera, EAJk Gernikako Estatutua betetzeko eskatuko du, besteak beste, espetxeen kudeaketa —"nahiz EAEko espetxeetan soilik eduki kudeaketa ahalmena, eta euskal presoak ez daude horietan". Espetxe politika "zentzuzkoagoa eta bidezkoagoa" eskatu du Ortuzarrek, eta horretarako ez dela legerik aldatu behar gogoratu du: "Egungo legeriarekin posible da euskal presoak euskal espetxeetara ekartzea".