Estitxu Elduaien
Ezustean harrapatu ditu Adegiko presidentearen erabakiak enpresaburu asko. Eta baita ekonomia munduko hainbat eragile ere. Galdera asko sortu dira enpresaburu eta sindikatuen artean, erantzun ofizialik gabeko galderak. Eta Jose Maria Ruiz de Urchegi eta Arturo Garcia postutik kentzeko erabakiaren atzean kudeaketa arrazoiak baino zerbait gehiago ere badagoela ikusi dute askok.
Arrazoi politikoak aitatu dituztenak bat baino gehiago dira. BERRIAk kontsultatutako hainbat iturriren arabera, sektore kontserbadoreenak kanporatzeko ahalegina egin dute jeltzaleek. Garcia PP alderdiaregandik gertu kokatzen da, eta Ruiz de Urchegi alderdi konstituzionalistek aldekoa dela diote. Biak kargutik kenduta Gipuzkoako jeltzaleak patronaleko zuzendaritza «garbitzeko» ahaleginetan ariko liratekeela diote.
Jose Miguel Aierza egungo Berrikuntza eta Lehiakortasun zuzendaria idazkari nagusi kargurako proposatu izana ere bide horretan kokatzen dute iturri horiek. Eduardo Zubiaurre presidenteak proposatu du Kursaaleko gerentea izandakoa Ruiz de Urchegiren kargurako. Idazkari Nagusi kargua sartu eta berehala hartuko luke Ayerzak, Adegin hasi berria baita Berrikuntzako zuzendaria -urtarrilaren 1ean hasi zen bertan lanean-. Adegiko iturrien arabera, Aierza Ruiz de Urchegiren ondorengoa izango zela hitzartuta zegoen, baina trantsizioa hiru urtetan egitea zen asmoa hasiera batean.
GBB Gipuzkoako Buru Batzarraren eskua ikusten dutenak asko dira, beraz, baina bertatik baloraziorik ez egitea erabaki zuten atzo behintzat. «Inolako arrazoi politikorik ez» dagoela berretsi dute enpresaburu askok, ordea, gertatu dena «aginte borroka soil bat» izan dela ziurtatuz. Batzuren eta besteen iritzi kontrajarriek espekulaziorako ateak are gehiago zabaltzen dituzte.
Politikaren itzala ikusi dute batzuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu