Miguel Sanz, "oso pozik"
Auzitegi Gorenaren erabakiarekin "oso pozik" dago Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohia, bere abokatu Eduardo Ruiz de Erentxunek jakinarazi duenez: "Bere ohorea berrezartzeko modu garrantzitsua da".
Ruiz de Erentxunen arabera, "oso minduta" zegoen Sanz "politikan diruarengatik zegoenaren susmoa" egon delako; hori "hamasei urteko ibilbide akatsgabean orbana" izango litzatekeela azaldu du.
Patxi Zabaleta: "Egitura judizialek, epaitegiek eta auzitegiek zorroztasuna falta dute"
Nafarroako parlamentuan Aralar-Nabaiko bozeramaile Patxi Zabaletak esan du ez datorrela bat Auzitegi Gorenaren erabakiarekin: "Beste behin ere agerian geratu da auzitegiek ustelkeriarekin lotutako gaiak ez dituztela zorroztasunez jarraitzen". Horren adibidetzat jo du auzia artxibatu duela Barcinari "deklarazioa hartu ere egin gabe": "Administrazioaren funtzionamendu txarrarekin eta ustelkeriarekin erlazionatutako gaiak ez dira behar besteko zorroztasunarekin jarraitzen".
Zabaletaren ustez, "nafar guztiak" kaltetu ditu CAN auziak, sortzez publikoa zen erakundean egindako kudeaketagatik.
Nafarroako EH Bildu, Barcinaren dimisio eske
"Barcinak duen ardura politikoa aitortu, dimisioa aurkeztu eta Nafarroako epaitegietara joan beharrean, irtenbide faltsu bat bilatu du", baieztatu du Nafarroako EH Bilduk horren blogean. Hala ere, alderdi horren ustez UPNko zuzendaritzak burututako "gehiegikeriek jendartean izan dituzten salaketak eta auzo-lotsak kalean jarraitzen dute, ezin dituzte ezkutatu". Nafarroako biztanleek "guztiaren egia" jakin nahi dute, eta EH Bilduren ustez "aspaldi eman zuen nafar jendarteak bere epaia: "Barcina ezgaitua dago gobernatzeko: bere ardura politikoa onartu behar du eta, duintasun demokratikoagatik, dimititu". Zentzu horretan, UPNko zuzendaritzari eskatu dio CANen desagerpenaren ardura bere gain hartu dezan.
"Poztasunerako unea" da Mayarentzat
Enrique Maya Iruñeko alkatea "oso pozik" agertu da Gorenaren erabakiaren ostean, eta aitortu du auzia "lauza" izan dela, baina beti eduki izan duela "indarra eta lan egiteko gogo asko". "Gauzak ondo joango zirenaren lasaitasuna izan dut momentu oro, baina azkenean Gorenak gaia artxibatu izana atsegina da", baieztatu du Mayak.
Oscar Arizkuren: "UPNren izen ona berretsi du"
UPN alderdiaren idazkari nagusiaren ustez, Gorenak auzia artxibatu izanak UPNren "izen ona" berresten du. "Auzitegiek arrazoia eman digute: agerian geratu da legalitatearen barruan lan egin dugula". Gorenaren auzian "Barcinak egindako lana eta ibilbidea aitortzen ditu", eta aldi berean, "hilabeteetan UPNren izen ona kaltetu nahi izan dutenen porrota" dela adierazi du Arizkurenek. UPNk hemendik aurrera "Nafarroarengan, hobekuntzan eta zuzenbide estatuarengan sinesten dutenei eskua luzatzeko" lanean jarraituko duela baieztatu du.
Jose Miguel Nuin: "Erabakia errespetatzen dugu, baina ez elkarbanatu"
Nafarroako Ezker Batuko koordinatzaile Jose Miguel Nuinek adierazi duenez, "prozedura judiziala egin beharko litzateke, beharrezko liratekeen probak egin eta, hortik abiatuta, erabaki bat hartu". Zentzu horretan, Nuinek esan du Gorenaren erabakia "errespetatzen" duen arren, ez duela elkarbanatzen. Gainera, Gorenaren erabakiak "ez du aldatzen nafartarren gogoa eta euren arbuioa" CANen auzian zenbait politikok "izan duten jarrera" dela eta, "Barcinarengandik hasita, dieta bikoitzak eta hirukoitzak kobratzen zituen organo iluna sortuta".