Eusko Legebiltzarrean gaur eztabaidatu eta onartu dute Terrorismoen Biktimen Legea. Bertan ez daude aitortuak segurtasun indarrek eragindako biktimak eta desagertuak. Biktima horien inguruan landu duen txostena aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaritzak Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean datorren asteartean. Biktima horien aitorpen lege bat sortzeko eta bulego bat eratzeko konpromisoa jasotzen du txosten horrek.
Jon Landa Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendariak baieztatu du poliziaren biktimak "aitortzeko" Jaurlaritzaren konpromisoa; ez du aurreratu zuzendaritza bat sortuko den, baina biktimei "dagozkien egiturak" sortuko direla esan du. GALek hildakoak kontuan hartu gabe, ehun inguru dira "Estatuko segurtasun indarrek hildakoak" eta mila inguru zauritutakoak, Landaren arabera.
Txostenaren edukiaren berri Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak eman zuen atzo, eta Jaurlaritzaren konpromiso hori Aralarrek hirukoarekin hitzartutako akordioaren ondorio dela nabarmendu zuen. Horren truke, Aralarrek Terrorismoaren Biktimen Legeari jarritako zuzenketak kenduko dituztela iragarri zuen Ezenarrok.
Haatik, Jaurlaritzako iturriek zehaztu dutenez, hirukoak ez du Aralarrekin ezer hitzartu, baizik eta biktimei buruzko osoko bilkura monografikoan Legebiltzarrak txostena egin zezan emandako agindua bete besterik ez du egin.
Ezenarroren arabera, gaur onartu duten legean "ETAren, GALen, polizia indarren edo ultraeskuindarren biktimak" ere jasota datoz, nahiz batzuek "bakar-bakarrik ETAren biktimetara mugatzeko" ahalegina egin. Dena den, legearen definiziotik kanpo geratu dira "egile ezezagunek desagerraraziak, atxiloturik zeudela hildakoak, torturatuak, poliziaren kontroletan tiroak jaso dituztenak...".
Horregatik, uste du biktima horiek aitortzea "mugarri garrantzitsua" dela, "biktimen arteko bidegabekeriak eta hierarkia zentzugabeak" saihesten dituelako. Beharrezkotzat jo du Espainiako Gobernuak eta erantzule izan diren alderdiek, "bereziki PSOEk", GALen eta polizien biktimei barkamena eskatzea, "bestela PSE-EEk Terrorismoaren Biktimen Legeari emandako botoak ez du zilegitasunik izango".
Maixabel Lasa: "Ez du Jaurlaritzaren abalik"
Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzako Biktimen Zaintzarako Bulegoko zuzendariak gaur esan du Jaurlaritzako Justizia Sailak proposatu duela Poliziaren biktimak eta desagertuak aitortzeko bulegoa sortzea, eta Jaurlaritzan bertan ez dela eztabaidatu gaia. "Beraz, ez du honen abalik", adierazi du Lasak.
Ez zaio "egokia" iruditu gai hori Eusko Legebiltzarrean Terrorismoen Biktimen Legea onartzeko garaian ateratzea plazara.
Poliziaren biktimak eta desagertuak aitortzeko bulegoa eratuko du Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu