Gaur goizean Espainiako Senatuan bake prozesuaz hitz egiteaz gain, Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuaren presidenteak Iñaki de Juana euskal presoaz eta, oro har, espetxe politikaz hitz egin du, PP behin eta berriro, De Juanaren erabakia dela-eta, Espainiako Gobernuak "ETAren xantaiaren aurrean amore eman" duela esaten ari baita.
Zapaterok "PPren zinismoa eta hipokrisia" salatu ditu, Jose Maria Aznar presidente zela Gobernuak euskal presoekiko hainbat neurri hartu zituelako: "Presoak libre utzi zituen zigorra bete aurretik (306 denera), Euskal Herriratzeak edo hurbilketak egin zituen (haietatik 46, ETAk Jose Antonio Ortega Lara bahituta zuenean), gaixotasunak zituztenak aske utzi (21)...".
"Hala ere, guk orduan ez genuen kritikarik egin", adierazi du Zapaterok. "Terrorismoaren kontrako politikan Gobernuarekin bat egon ginen. PPk, aldiz, oso oposizio gogorra egin du azken hiru urteotan, gai bakartzat terrorismoaren kontrako politika hartuta".
PPko senatariek hainbat aldiz moztu dute Gobernuko presidentearen hitzaldia, builaka eta zarata ateraz.
Pio Garcia Escudero PPko senatarien bozeramaileak, espero zenez, kritika gogorrak eginez erantzun dio. "Zapatero gezurrez beteta dago eta hemen egia bakarra zera da: demokraziaren historian lehen aldiz Gobernuak ETAri ordainketa politikoa egin diola". Presidenteak De Juana "heroi" bihurtu izana salatu du Escuderok.
PPkoen buila eta zarata Senatuan presoei buruzko eztabaidan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu