PPrekin ituna egingo duen galdetu dio Madrazok Lopezi

2009ko otsailaren 17a
16:13
Entzun
EB Ezker Batuko buru Javier Madrazok PSE-EEren hautagaia izan du kritiken jomuga gaur Gasteizen egindako agerraldian. Hala Patxi Lopezi galdetu dio ia hauteskundeen ondotik PP Alderdi Popularrarekin ituna egingo duen, "aurrerakoi eta sozialista asko horrekin kezkatuta daudelako". Kezka hori jaso nahi duen kartela aurkeztu du EBk, ppatxi lehendakari? esaldiarekin.

"PSEri eta bere hautagaiari galdetu nahi diegu ia lehendakari izateko beren botoak PPkoenei gehitzeko prest dauden; PP izan zen Irakeko gerran sartu gintuena, gay eta lesbianei ezkontzeko eskubidea ukatzen diena, eta egunero komunikabideetan ustelkeria kasuekin dagoena", esan du Madrazok.

"Hori da Lopezek eskaintzen duen benetako aldaketa?" ere galdetu dio PSE-EEko hautagaiari. "Argi hitz egin ezazu", eskatu dio, gainera; "adieraz ezazu konpromiso biribil eta benetan zintzoa, zuen botoak Aznarren, Rouco Varelaren eta ustelkeriaren PPri gehituko ez diezuela ziurtatzeko". PPko nahiz Espainiako Gobernuko presidente ohi Jose Maria Aznar eta Espainiako eliza katolikoko buruzagi Antonio Maria Rouco Varelari egin die hala erreferentzia, haien jokabide kontserbadorea inplizituki kritikatuta.

PSE-EEren 'topagunea' ere kritikatu du

"Ezin da Euskadin pluraltasuna eta transbertsalitatea eskatu, eta gero gobernagarritasuna PPrekin diseinatu, honek aldarrikatzen dituen jarrera baztertzaile, intolerante eta intransigentearekin", salatu du EBko buruak. Arabako zerrendaburu Jose Miguel Fernandez izan du aldamenean, ekitaldian zehar.

"PSE-EEk topagunea du hizpide, eta gero proiektu politikoak legez kanporatzen ditu", esan du Madrazok, D3M eta Askatasunaren zerrenden baliogabetzeaz.

Horiek hala, "Lopez aurrerakoiei, aldaketarako botoa eskatuz —gero PPrekin ituna egiteko— saltzen ari zaien engainu eta tranpa agerian utzi nahi" du EBk. PSE-EEren jarrera horri "ez zilegi" eta "iruzur" iritzi die Madrazok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.