Prentsan ere 'brexit'-a nagusi

2016ko ekainaren 25a
18:52
Entzun

Europako egunkari nagusien azalak hartu dituzte gaur Erresuma Batuko irudiek. Ontzat eta logikotzat ematen dute batzuek Londresek emandako pausoa; besteentzat, ordea, "utopia baterako" lehen urratsa da. Baina, era batera edo bestera, denak bat datoz Europako Batasunaren gainbeheraren ondorioa dela 'brexit'-a. Hemen adibide batzuk:

"Lurrikara Europan" lerroburua eraman du azalera gaur Frantziako Le Figaro egunkariak. Editorialean, berriz, ohartarazten du "aldaketa" badatorrela eta gertatutakoaren arrazoia Batasunaren barnean bilatu behar dela. Izan ere, egunkariaren iritziz EB "urrun" sentitzen dute herritarrek, eta hori aldatuko bada Bruselak ere bere jokabidea aldatu beharko du. "Ezagutzen genuen Europa hura amaitua da. Bruselak bere helburuak eta politikak aldatu behar ditu, beste batzuek Erresuma Batuak hasitako bideari jarraituko ez badiote".

"Zorte on" titulatu du Liberation-ek azala. Adierazgarriena, orda, irudia bera da; izan ere, gizonezko bat agertzen da zintzilik eta bakarrik eskuetan Erresuma Batuko banderak dituela. Egunkari horrek, beste askok bezala, Bruselari egozten dio gertatutakoaren erantzukizuna. Leporatzen dio "bere utopia distiratsurako bidean" bazter utzi dituela bai gizarte krisia eta baita migratzaileen auzia ere. "Ondorioz, herritar askok nahiago dute euren estatuetara itzuli eta globalizazioari bizkarra eman".

Etsipena nabari da The Guardian egunkariaren editorialean. "Britainiarrek hitz egin dute. Lehen ministroak dimisioa eman du. Hautesleek erabakiak eta erabaki hori hartzera bultzatu dituzten arrazoiek arrriskuz beteriko bide bat hartzera behartu dute Erresuma Batua", dio kazetak, eta ohartarazi du "inoizko krisi politikorik sakonenean" dagoela herrialdea.

 

"Hondamendiaz" hitz egin du, berriz, El País-ek, eta ohartarazi du europazaleen txanda dela orain "europa sendo eta indartsuago bat" eraikitzeko. Baina, aldi berean, nabarmendu du ez dela lan erraza izango, batez ere "mugimendu populistek" aukera baliatu nahi dutelako independentziarako bidea hasteko. 

Dena den, ez dira denak iritzi berekoak. Erresuma Batuan EBtik ateratzearen aldeko kanpaina egin duten egunkarietan poza nabarmena da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.