Euskal presoak

Presoen senideentzako Jaurlaritzaren laguntzak atzera botatzeko ekimena aurkeztu du PPk

Justizia Sailak zigorra EAEtik kanpoko espetxeetan betetzen ari direnen familiartekoei bidai gastuetan laguntzeko 200.000 euroko partida onartu zuen

2003ko irailaren 4a
17:09
Entzun
Zigorrak EAEko espetxeetatik kanpo betetzen ari diren presoen senideei bidai gastuetan laguntzeko, 200.000euroko partida onartu zuen Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak. Erabaki hori atzera botatzeko ekimen parlamentarioa aurkeztu du gaur Julio Urquijo PPko legebiltzarkideak. Legebiltzarreko osoko bilkuran eztabaidatuko da Urquijoren eskaera.

Presoen senideentzako laguntzen deialdia astelehenean argitaratu zen EAEko Buletin Ofizialean, eta, han plazaratutakoaren arabera, laguntza indibidualak dira, eta familiartekoak EAEtik kanpoko espetxeetan baina Espainiako Estatuaren barruan dituztenek bakarrik jaso ahal izango dituzte. Guztira 200.000eurokoa da laguntza horietara bideratu den partida.

PPko legebiltzarkide Urquijok adierazi duenez, laguntza horiek "onartezinak" dira, "funtsean, ETAko presoentzako baitira"."Arrazoi sobera daude Justizia sailburuak, bere borondatez edo lehendakariak aginduta, zoritxarreko agindu hori baliogabe dezan, terrorismoaren biktimen aurkako zaplasateko eta haien memoriaren aurkako iraina baita", azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.