BERRIA Taldearentzat, komunikazio taldeentzat oro har, ekonomikoki ez dira garai onak. BERRIA Taldeak 2008. urtean atzeman zituen krisiaren lehen zantzuak, eta azken bost urteak ez dira batere xamurrak izan. 150.000 inguruko galera batekin amaitu zuen 2012. urtea BERRIA Taldeak. Egunkari salmentatan, eta batez ere publizitatean, aurreko urtean baino 400.000 gutxiago fakturatu genituen iaz. Jaitsiera izan da hiru diru sarrera iturri nagusietan: salmentetan %10, publizitatean %50 eta diru laguntzetan %11.
Azken urteetako ohitura aldaketek, joera berriek, zaildu egin dute komunikazio proiektuen bideragarritasun ekonomikoa: informazioa doan jasotzeko jarrera indartu egin da, prentsa idatziak salmenta eta publizitatea galdu ditu, irakurle kopuruak nabarmen egin du gora, baina horrek ez du diru sarrerarik ekarri… Krisi ekonomikoak egoera larriagotu egin du; ondorioz, gero eta diru baliabide gutxiagorekin eutsi behar diogu.
Gastuak murriztu, eta diru iturri berriak lortu.
Gastuak murrizte aldera, zenbait neurri gogor hartzera eraman gaitu egoerak: BERRIA Taldearen egituran hamabi lanpostu kendu ziren 2012ko udazkenean, langileek uko egin zioten 2012ko lansari bati, 2013. urterako %5 eta %8 arteko soldata jaitsiera (mailaren arabera) adostu da…
Gastuak murriztera derrigortuta gaude, baina ahalegin berezia egin nahi du BERRIA Taldeak diru iturri berriak sortzeko, bideragarritasun ekonomikoa ardatz hartuta. BERRIAlaguna kanpaina izan da gure apustua. 1990ean, elkar hartu, eta Egunkaria sortzeko bidea egin zen. 2003an, bide beretik, Berria sortu zen, 24.000 akziodun txikik jarritako diruarekin. Eta orain, hamargarren urteurrena betetzear gaudenean, euskarazko komunikazio proiektu sendoa edukitzeko etorkizunerako oinarriak jarri behar ditugu.
Gure helburua da milaka lagunen sarea sortzea, proiektua diruz sostengatuko dutenak. Guk produktu ahalik eta aberatsena eskaintzen jarraitu nahi dugu.