PSE-EEren erabakiak, "Nafarroako kasuan bezala", Madrilen hartuko dituztela esan du gaur EAko Nafarroako Garaiko presidente Maiorga Ramirezek, bere alderdiak Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei begira Gasteizen eginiko ekitaldian.
Ramirezen esanetan, PSOEko Antolakunde idazkari nagusi Jose Blancok Madrilgo Ferraz kaleko egoitzan hartuko ditu alderdi horren EAEko adarrari dagozkion erabakiak. Salatu duenez, PSE-EE ez da alderdi autonomoa, eta PSNrekin gertatutakoa gertatuko da martxoaren 2tik aurrera.
EAk euskal subiranotasunaren aldeko ekitaldia egin du, eta Ramirez ez ezik, Arabako zerrendaburu Rafa Larreina, alderdiko eledun Mikel Irujo eta Ipar Euskal Herriko adarreko idazkari Haritza Camblong izan dira bertan. Gainera, bideo baten bidez, bere sostengua adierazi die Argentinako Alkartetxeko presidente Cesar Arrondok.
"Maskararen estrategia"
Ramirezek ohartarazi du "nazionalismo espainiarrak maskararen estrategia" erabiltzen duela, "herriaren eraikuntzarekin berezko konpromisoak dituela plantak eginez, herri honek aurrera egin dezan eragozten duten bitartean".
"Nafarroa [Garaian], gehiengo ilusionatu batek aldaketa aurrerakoiaren alde bozkatu ondotik, Pepe Blanco jaunak erabaki zuen hobe zela, bere hauteskunde interesetarako, Nafarroako Gobernua [UPNko buru] Sanz jaunari ematea".
Gisa berean, EAko ordezkariak argi utzi du bere alderdiak "Europan Euskal Herri librea eraikitzeko" lan egingo duela, "estatu baten berezko eskumen juridiko-politikoekin".
Irujok ere hitza hartu du ekitaldian, eta Euskal Herri osoaren lurraldetasun eta subiranotasuna defendatu ditu. Gainera, "Euskal Herriaren independentzia azken ondorioetaraino" defendatuko dutela nabarmendu du.
Rafa Larreina Arabako zerrendaburuaren esanetan Euskal Herriaren baketze eta normaltzea "soilik esparru politiko berri batean" dira posible. Esparru horrek, haren iritziz, "erabakitzeko eskubidea eta zazpi herrialdeak" hartu behar ditu barne.
PSE-EEren erabakiak Madrilen hartuko dituztela dio EAk, "Nafarroa Garaian bezala"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu