PSN barruan "sumin handia" dago

2007ko uztailaren 19a
12:18
Entzun
Joxerra Senar

Ez dakite ondo zer egin etorkizunean, baina BERRIA-k galdetu dien PSNren Eskualde Batzordeko kide denak bat datoz: «sumin handia dago». Helena Berruezo parlamentari ohiak, adibidez, ez du ahoan bilorik, eta garbi esan du Fernando Puras eta Carlos Chivitek izandako kudeaketa «zorigaiztokoa eta negargarria» izan dela, NaBairekin negoziazioak «pikutara» joan direlako.

Berruezok, beste askok bezala, gogorarazi du PSNren Eskualde Batzordearen %99,9k hiru aldiz agindu zehatza eman ziola «aurrerapeneko gobernu bat» lor zezan, baina «ez du halakorik lortu». Ez du uste erabakia Madrilen hartu denik, batzorde federaleko kide delako, eta agindua «Nafarroak erabakiak hartzea zelako».

Lourdes Montero Zizur Nagusiko hautagaia «zur eta lur» geratu da, eta aitortu du ordezkaritzaren araberako NaBairen eskaintza zentzuzkoa zela. Josu Pardo parlamentari ohia «kezkatuta» dago, Puras ez delako gai izan negoziazioa «portu onera» eramateko. Ausardia falta egotzi dio. Juan Moscosoren ustez, elkarrizketa atera ez delako «hausnartu» egin behar da.

«Beltz» ikusten du egoera Cesar Lopez Dios PSNren Uharteko zerrendaburuak, hiritarren itxaropena «zapuztu» delako eta alderdi barruko giroa «jasanezina» delako. Etorkizunari buruz, berriz, ez dago iritzi bateraturik. Denek azalpenak eskatu dizkiote Purasi ziurrenik datorren astean egingo den Eskualde Batzordearen bileraren aurrean. Lourdes Monteroren iritziz, azalpenek «ganora handikoak» izan beharko dute.

Bestela, Berruezok uste du hauteskundeak berriro egin beharko liratekeela. Ez da iritzi berekoa Montero. «erabat kaltegarriak» liratekeelako PSNrentzat. Josu Pardoren iritziz, berriz, esku artean dagoen aukera da hori, baina «ez da desiragarria». Bere ikuspuntutik, oraindik ere NaBairekin hitz egiteko tarterik dagoen ikusi behar da: «Aukerarik ba ote dagoen edo ez dagoen ezer egiterik».

PRESIOA KALEAN. PSNko ordezkari batzuek iritzia eman nahi zuten, baina izenik ez emateko eskatu dute. Erriberako militante batek esan du gertatuko ezer ez duela «begi onez ikusi». Onartu du Iruñeko alkatetza Yolanda Barcinari eman ostean, «susmo txarra hartuta» zegoela. Egunotan kalera irten eta denek galdetzen diote egoeraz; «baina nik esaten diet ez dudala ezer ulertzen». Chiviteren lagun mina dela aitortzen du, eta NaBairekin akordioa egitearen aldekoa zela, abertzaleekin ituna egin dutelako «Katalunian eta Galizian». Ez du argi ikusten atzean Madrilen eskua dagoen edo PSNren «zuzendaritza barruko zuzendaritzak» hartu duen.

Azkenean, PSNk UPNri bidea errazten badio, Corellako ordezkari batek aurreratu du herritar askok alderdiaren karneta utziko dutela. Dena den, argi du uneotan aukera txarrena hauteskundeetara joatea dela. Aukera zaila izanagatik, nahiago du UPNrekin koalizioa hitzartu.

Parlamentari batek dio«erabat aurka» dagoela, eta jendea suminduta dagoela, «baita Chiviteren aldekoak ere». Bere iritziz, hautagai independenteen eskaintza proposatu zela entzun zuenean, «akabo» esan zion bere buruari. Orain UPNk hautagaia aurkezten badu, aurka bozkatuko lukeela adierazi du, Eskualde Batzordearen iritzia ez delako Sanz babestea. Bere ustez, UPNren aukera «ez dago batzuek dioten bezain garbi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.