Kataluniako Parlamentuko presidente Carm Forcadellek Arnaldo Otegiri harrera egiteak hautsak harrotu ditu Kataluniako nahiz Espainiako politikagintzan. PPC gogor kritikatu du bisita eta ohartarazi dio Generalitateko presidente Carles Puigdemonti "biktimekiko ankerkeria ekintza" eta "katalan zintzoentzako iraina" dela hari harrera egitea.
Puigdemontek, baina, zorrotz erantzun dio Xavier Garcia Albiol popularrari eta haren alerdiak bake prozesuetan erabili ohi duen leloa gogorarazi: "Indarkeriarik gabe edozertaz hitz egin daiteke. Beraz, indarkeria amaitu den honetan, edozertaz hitz egin daiteke Albiol jauna?".
"Biktimen minaz bidegabeki jabetzea" ere egotzi dio Generalitateko buruak Albioli, eta ohartarazi dio "onartezina" dela iradokitza Parlamentua, presidentea edota Gobernua "terrorismoarekiko toleranteak" direla. "Gobernua osatzen duten alderdi guztiak harro egon daitezke euren ibilbide demokratikoaz; baina ezin dute gauza bera esan alderdi guztiek".
Generalitateko buruarekin bat etorri da CUPeko diputatu Ana Gabriel eta defendatu du "bake prozesua bultzatzeko" balio dezakeela Otegiren bisitak. "Prozesuak aurrera egingo badu beharrezkoa da espetxe politikak aldatzea, bitima guztiak aitortzea eta ETA behin-betirako desarmatzea".