Filtrazioak azaleratutako agirien artean, Realak 2000 eta 2008 artean zazpi jokalariri eginiko kontratuak daude. Bereziki Jose Luis Astiazaranen agintaldian egin ziren kontratu horiek, eta 2008an Iñaki Badiolaren Administrazio Kontseiluak 2008an eskatutako kontu ikuskapenean jada argitaratu zen zenbait jokalariri offshore konpainien bidez ordaintzen zietela zergak saihesteko.
ICIJek orain argitaratu duen informazioan zazpi jokalariri egin diete erreferentzia, eta Darko Kovacevic aurrelari serbiarraren kasua nabarmendu dute; 1,4 milioi dolar kobratu zituen 2006-2007ko sasoian IMFC Licensing enpresaren bidez, baina errenta aitorpena egiterakoan hilero 2.000 euroren irabaziak aitortu zizkion Gipuzkoako ogasunari.
Elconfidencial.com atariak argitaratu duenez, Realak gauza bera egin zuen Nihat Kahveci, Sander Westerveld, Tayfun Korkut, Valeri Karpin, Gabriel Schurrer eta Mattias Asperrekin. Guztiek offshore konpainiak itxi zituzten Realetik joatean.
Hainbat hedabidek zabaldu dute Realeko kudeatzaile Iñaki Otegirekin harremanetan jartzen saiatu direla, baina hark uko egin diola hitz egiteari. Hala ere, argitaratutako informazioaren arabera, klubeko prentsa buruak eman ditu Otegiren azalpenak; "atzerriko konpainiak kanpoko jokalariei ordaintzeko erabiltzea Espainiako klub guztietan praktika komuna" izan dela erantzun du.