Realetik Athleticera joandako jokalariak

2015eko uztailaren 1a
15:45
Entzun

Azken hogei urteotan, hainbat izan dira Reala utzi eta Athleticera joan diren futbolariak:

Lorenzo Juarros, Loren (1989)
Lorenen 300 milioi pezetako etete klausula ordaindu zuen Athleticek eta Bilbora eraman zuen jokatzera 1989an. Desadostasunen ondorioz, bi kluben arteko harremanak okerrera egin zuen. Garai hartan, Espainiako Ligako fitxaketarik garestiena izan zen.

David Billabona (1990)
Donostiako taldearekin urtebete gehiagoko kontratua zuenez, Athleticek 50 milioi pezeta ordaindu behar izan zituen jokalari irundarrarengatik.

Joseba Etxeberria (1995)
Athleticek 550 milioi pezeta ordaindu zituen aurrelariaren aldaketarengatik, Etxeberriak 17 urte zituela.

Bittor Alkiza (1996)
220 milioi pezetaren truke lortu zuen talde bizkaitarrak Alkiza fitxatzea. Erdilariak Athleticera egindako aldaketa hau Realaren oniritziarekin egin zen, baina atsekabe handia sortu zuen Gipuzkoako taldearen zaleengan.

Igor Gabilondo (2006)
2006ko udan fitxatu zuen Athleticek Gabilondo, Santi Ezkerrok Bartzelonara alde egin ondoren. Realaren aurkako partidan debutatu zuen.

Iban Zubiaurre (2006)
Zubiaurre auzi ezagunak markatu zuen jokalariaren ibilbidea. Epaitegietan bukatu zuen bi kluben arteko eztabaidak. Talde bizkaitarrak Zubiaurre bereganatzean leial ez jokatzeagatik, 5 milioi euro ordaindu behar izan zizkion Realari kalte-ordain moduan; Zubiaurrek erdia jaso zuen.

Mikel Balenziaga (2008)
Milioi bat euroren truke kontratatu zuen Athleticek Balenziaga; baldintza bezala jarri zioten hasiera batean fitxa bigarren taldean egitea.

Xabi Castillo (2009)
Bi kluben akordio baten bidez, milioi bat euroren truke pasatu zen Castillo Realetik Athleticera.

Iñigo Diaz de Zerio (2009)
2009an berretsi zuen jokalari donostiarrak ez zuela kontraturik berrituko Realarekin fitxa Athleticen egiteko.

Gorka Elustondo (2015)
Athleticek baieztatu egin du bi denboraldirako fitxatu duela Gorka Elustondo Realeko erdilari beasaindarra. 2017ko ekainaren 30era arteko kontratua egin dute, eta 30 milioi euroko etete klausula izango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.