«Lehen aldiz, su-eten iraunkorra iragarri zuen ETAk martxoaren 23an; lehen aldiz, hilketarik gabeko hiru urteren ondoren eta, halako egoeratan lehen aldiz, bere ekintzak ia erabat etenda. Demokraziaren hainbat unetan, indarkeriaren amaiera lortzeko itxaropena eduki dugu. Aurreko gobernuak saiatu ziren bakea lortzen, bai Felipe Gonzalezena, bai eta Jose Maria Aznarrena ere. Ezinezkoa izan zen. Fede onez saiatu ziren. Horregatik, txalotu egin nahi ditut ahalegin horiek.
Gaur egungo egoeraren berezitasuna ez da ETAk egindakoa -ekintzak eten-, baizik demokrata guztiok urte hauetan guztietan egin duguna, balio demokratiko eta konstituzionalak babestea eta, oso bereziki, gure herrialdeko herritar guztiek.
Euskal Herriko eta Espainiako gainerako lekuetako indarkeria amaitzea izan da gobernu guztien helburua. Horretarako, hainbat elkarrizketa eta akordio prozesu izan dira horretarako alderdi politikoen artean; Zuzenbide Estatua sendotzea zuten horiek helburu. Zuzenbide Estatuaren zerbitzari guztien lana txalotu nahi dut, egin dutena eta une hauetan egiten ari direna.
Bizikidetzaren aldeko konpromiso zabala hartuta, gobernu guztiak saiatu dira urte luze hauetan bakea lortzen, oinarrizko printzipio bati eutsita: demokraziak ez du inolako prezio politikorik ordainduko bakea lortzeko. Eta Euskal Herria baketzeko eta normalizatzeko prozesua alderdi politiko guztien lana dela babestuta. Halaxe jaso dute hainbat adierazpen instituzionalek. Diputatuen Kongresuak 2005eko maiatzean hartutako erabakiaren babesean, hain zuzen, gobernua ETArekin hizketan hasiko dela iragarri nahi dut, arazo politikoak herritarren legezko ordezkariekin bakarrik konpondu behar direla dioen printzipio ukaezinari helduta. Halaxe iragarri die Barne ministroak legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiei gaur goizean. Alderdi politiko guztien jarrera eskertu nahi dut, eta iragarpen hau jendaurrean egiteko moduaren erantzukizuna gobernuarena baino ez dela azpimarratu. Behin baino gehiagotan esan dut luzea, gogorra eta zaila izango dela prozesua. Irmo eta zuhur hartuko dugu, elkartasun eta leialtasunez, eta biktimen oroitzapena errespetatuz beti ere.
Euskadiren etorkizunaren inguruko oinarrizko printzipioak ere finkatu nahi ditut eta, horretarako, deia egin nahi diet herritarrei, alderdi politikoei eta euskal gizarteari, oro har. 1978ko Konstituzioaren babesean onartutako Gernikako Estatutuari esker, inoizko autogobernurik handiena dute Euskadiko herritarrek. Euskal herritarrek askatasun osoz erabaki zuten euren etorkizuna.Zoritxarrez, jarraitu egin dute indarkeriak, mehatxuek eta izuak. Egoera hori amaitzeko aukera dugu, eta iraganeko printzipioetan eta printzipio demokratikoetan oinarrituta esan nahi dizuet gobernuak errespetatu egingo dituela euskal herritarrek askatasunez, legezko arau eta prozedurak, metodo demokratikoak eta herritarren eskubide eta askatasunak errespetatuta, eta inolako indarkeria eta mehatxurik gabe hartutako erabakiak.
Behin baino gehiagotan entzun didazue esaten bizikidetza politikoaren inguruko akordio zabala behar duela Euskadik etorkizunerako. «Elkarrekin bizi bagara elkarrekin erabakiko dugu», esan nuen, zehazki, Ibarretxeren planaren inguruko eztabaidan. Bizikidetzaren inguruko akordio zabala. Horregatik, Euskadiko alderdi politikoen arteko akordioek ahalik eta adostasun handiena behar dutela uste du gobernuak, Euskadiko aniztasuna errespetatuta eta alderdi guztiei aukera berdinak emanda. Borondate demokratikoa, legeekiko mendekotasuna eta euskal gizartearen aniztasuna bilduko duen akordio politiko zabala. Horiek dira arauak. Erakundeetan parte hartzeko ere balio dute arau horiek, alderdi politikoentzat. Horregatik, gobernuak Alderdien Legea indarrean edukiko duela berretsi nahi dut. Hainbat urtetan, euskal herritarren borondate demokratikoa onartzen ez zutenak, onartu ez dutenak, joko arauak onar ditzaten saiatu gara demokrata guztiok. Aukera hori dugu orain, eta bete dadin saiatuko gara.
Euskal gizarteari mintzatuko natzaio orain. Guztion lana da bakea lortzea. Sustrai sakonak eduki behar ditu horrek gizartean sendoa izango bada, euskal gizarte osoa hartu behar du. Uste dut alderdi politiko eta agente ekonomiko, sozial eta sindikal guztiek hitzartu behar dituztela elkarbizitzaren inguruko akordioak; bidezko deritzoten metodo demokratikoen bidez, noski, akordio horiek erakundeetara eramateko. Amaitzera noa. Gobernuaren eta nire konpromiso erabatekoa adierazi nahi dut 1978ko Konstituzioko balio, printzipio eta arauekiko, bikaina izan baita bizikidetzarako.
Badakit bakearen irrikan daudela herritarrak, eta errespeturik handiena eskatzen dutela terrorismoaren biktimentzat eta horien senideentzat. Espainiako gobernuburu naizen aldetik, ardura hartzen dut bake irrika betetzeko eta terrorismoaren biktimen eta horien senide oroitzapen, ohore eta duintasunarentzat eskatutako errespetu eta aitortza lortzeko. Espainiako gizarteak badaki zer-nolako garrantzia duen egin beharreko lanak. Kontu handiz eta zuhur jardungo dut. Hedabide guztien laguntza eskatu nahi dut zeregin horretarako, prozesuaren garrantzia kontuan hartuta. Irailaren amaieran beste informazio-bilera txanda bat egingo du Barne Ministerioak legebiltzarreko taldeekin gaur hasiko dugun prozesuaren garapenaren inguruan. Mila esker.
Rodriguez Zapateroren adierazpen instituzionala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu