Espainiako Barne ministroak legez kanpokoa izateko "zantzuak" ikusi dizkio ezker abertzalearen alderdi berriari, "baina ez da zaila ondorio horietara iristea". Bermejo Justiziak ministroak esan du "ahal den azkarren" emango dutela erantzuna.
"Espainiako Gobernuaren mezua beti bera izan da: legea betetzen duena hauteskundeetan izango da eta, bestela, ez". Hori esan du gaur Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak Abertzale Sozialisten Batasuna (ASB) alderdi berriari buruz. ASB legez kanpokoa ote den "zantzuak" ikusi dituztela dio Rubalcabak. "Baina ez da zaila ondorio horietara iristea".
Hiru eragozpen ikusi ditu Barne Ministerioak ASB premiaz aztertu ondotik. Batetik, alderdia erregistratu duten lagunek aurrez legez kanpo utzitako alderdi edo erakundeekin harremana dutela dio. Bigarrenik, ASBk izen aldetik antzekotasuna duela Batasuna eta Herri Batasuna legez kanpo utzitako alderdiekin, eta Espainiako Alderdien Legeak antzekotasunik ez izatea eskatzen duela. Eta, hirugarrenik, ASBren estatutuetan ez dela garbi jartzen Batasunaren ondorengoa ez denik.
Fiskalari alderdi hura ikertzeko eskatu dio Rubalcabak eta Estatuko Abokatuari Batasunarekin harremanik ote duen txostena egiteko.
Mariano Fernandez Bermejo Espainiako Gobernuaren Justizia ministroak, berriz, ziurtatu du Estatuko zerbitzu juridikoa "bete-betean" ari dela lanean kasu honi buruz. "Ahal den azkarren izango dugu erantzuna".
Rubalcaba: "ASBk legea betetzen badu, hauteskundeetan izango da; bestela, ez"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu