Cevital taldearena ez da Fagorren Frantziako adarraren truke egindako bakarra. S20 izeneko enpresa batek eskaintza bat egin du La Roche sur Yon hirian (Vendee departamendua) FagorBrandtek duen lantegia erosteko. 2015era arte orain arteko etxeko tresnen ekoizpenarekin jarraitu nahi dute erosleek, baina ordutik aurrera lantegia bermoldatu nahi dute motor elektrikoak eta beste osagai batzuk ekoizteko. 86 enplegu finko gordeko lituzke jabe berriak eta beste 84 aldi baterako kontratuarekin.
Vendeen ere, Aizenayko lantegiak ere erakarri du beste enpresa batzuen interesa. Bariance Technologie izeneko taldeak 53 enplegu gordeko lituzket hor.
Bi eskaintzek aurrera eginez gero enpleguaren erdia galduko lukete Vendeeko fabrikek, gaur egun 430 langile enplegatzen baitituzte.
Nanterreko auzitegiak jakinarazi behar du zer egiteko asmoa duen FagorBrandten aktiboei buruz. Erabakia dagoeneko lau aldiz atzeratu du, frantziako korapiloa askatzeko derrigorrezkoa delako Donostiako Epaitegiak baiezkoa ematea Cevitalek Fagorren Frantziako marken truke egindako eskaintari. Onespena jasoz gero, Aljeriako multinazionalak erosiko lituzke Saint Jean de la Ruelle-Orleanseko lantegia, Vendomekoa eta taldearen egoitza nagusia.