Igandean, Olga Comes presoaren lagun batek auto istripua izan zuen Mansillako (Leon, Espainia) kartzelarako bidean, eta gertakari hori salatzeko agerraldia egin du Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak. Etxerat-ek ezinbestekotzat jo du "eskubideak urratzen dituen salbuespeneko politikarekin amaitzeko konpromisoa berritu eta berrindartzeko, denok aktibatzea".
"Zauritua izan zen pertsona hau ez zen atseginez edo lan kontuengatik bidaiatzen ari. Ezta bere esku zegoen zergati batengatik", azpimarratu du elkarteak, eta ohartarazi "familia eta bizitza eskubidea laburtzen den 40 minutuko tarte horrek —senideei bisita egiteko tarteak— prezio oso altua" duela.
Astelehenean, presoen sakabanaketa eta urruntzea gaitzetsi zituen Nafarroako Parlamentuak, eta horren inguruan ere mintzatu da Etxerat: "Lehendabizikoz, gizartearen borondatea Nafar erakundeek islatu dute. Parlamentuak egindako akordioarekin alde batetik. Eta bestetik, Nafar Gobernuko bake, bizikidetza idazkaritzatik, zauritutako pertsonari eta Comesen sendiarekin erakutsitako elkartasunarekin".