Genero indarkeriari buruzko datuak izan dituzte hizpide gaur arratsaldean Nafarroako Parlamentuan: kendutako salaketei buruz mintzatu dira, erkidegoan, estatu osoko datuekin alderatuz, beste inon baino salaketa gehiago erretiratzen baitira. Iazko hirugarren hiruhilekoan, esaterako, —azken datuak ordukoak dira— 311 salaketa jarri ziren, eta 99 erretiratu egin zituzten andrazkoek: salaketen %31,8, hain zuzen ere. Lehendik datozen datuak ere zinez kezkagarriak dira: beti egon da goitik Nafarroa horretan.Urtarrilean, azken datua eman orduko, horren gaineko ikerketa abiatu asmo zutela esan zuen Nafarroako Gobernuko Gizarte Politikarako kontseilari Iñigo Allik. Gaur, Ezkerrak gaiari buruz galdera eginda, esan du salaketak erretiratzen dituzten andreen «soslaiak» aztertu nahi dituztela.
Ondo hartu dute legebiltzarkide gehienek kontseilariaren jakinarazpena. Orain arte egin ez izana kritikatu dute, eta gaia aztertu behar dela onetsi. Hautatutako bidean egon daitezkeen arriskuez ere ohartarazi du, ordea, Aralar-Nafarroa Bai taldeko kide Nekane Perezek. «Genero indarkerian, ez dago biktimen eta erasotzaileen soslai jakinik», oroitarazi du. Genero indarkeria «egiturazko» arazo bat dela erantsi du, «erro» sakonak dituela, eta horiek gizarte osoan irauli ezean, nekez egingo dela aurrera.
Salaketak kendu ohi dituzten andreen soslaia aztertzen hasiko dira Nafarroan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu