Sanz "Madrilgo zentralismoak" eraman duela gobernura nabarmendu du Zabaletak

2007ko abuztuaren 10a
13:43
Entzun
Miguel Sanz UPNko buruzagi eta Nafarroko presidente izateko hautagaiak eta Patxi Zabaleta NaBaiko buruzagiak eztabaida sutsua izan dute Parlamentuan, lehendakaria izendatzeko saioan.

Zabaletak gogor kritikatu du Sanzek atzo programa aurkezteko egindako hitzaldian zabaldu zuen mezua, eta, funtsean, UPNren proposamena "betiko gobernu atzerakoi eta sektarioa" eratzea dela iritzi dio. Ildo horretatik, Sanzek konstituzionalista eta abertzaleen artean egin zuen zatiketa "iraganekoa eta atzerakoia" dela azpimarratu du: " Jokabide hori elkarrizketaren aurkakoa da, eta atzerakoaia da. Dialektika hori gezurrezkoa da. Eta errealitatetik eta etorkizunetik oso urruti dago".

Hori guztia dela eta, NaBaik gobernu aurrerakoi eta askotariko baten alde egiten jarraituko duela iragarri du Zabaletak eta argi utzi du Sanzen hautagaitzaren kontra bozkatuko dutela, "Madrilgo zentralismoak gobernuan jarri duen hautagai galtzailea delako".

Sanzek, berriz, Nafarroarako proposatzen duen elkarbizitza eredua Leitzakoa ote den galdetu dio, "beldurrean eta askatasunik ezean oinarritua". Leitza Zabaletaren jaioterria da eta EAE-ANVkoa dute alkatea. NaBairen helburuak Euskal Herriaren autodeterminazioa eta lurraldetasuna gauzatzea direla erantsi du.

Gaurkoa Nafarroako presidentearen inbestidurako bigarren saioa da. Atzo programa aurkeztu zuen Sanzek. Gaur proposamen hori eztabaidatzeko aukera dute alderdiek, handienetik txikienera. Ondorioz, UPNko izan da lehendabizi hitza hartu duena; gero NaBairen txanda etorri da; PSNk hirugarren lekuan hitzegingo du eta NEB izango da azkena.

Eztabaida amaitu ostean lehendabiziko bozketa egingo da. Aurreneko txanda horretan gehiengo osoa behar du Sanzek presidente hautatua izateko, eta UPNz gain CDNk soilik babestuko duenez, ez du behar adina boto lortuko. Bihar egingo da bigarren bozketa, eta bigarren horretan aski du gehiengo sinplea. PSOEk abstenitzeko agindu die PSNko parlamentariei, eta, beraz, ezustekorik ezean, UPNko Sanzek presidente izateko beste boto hartuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.