Miguel Sanz UPNko buruzagi eta Nafarroko presidente izateko hautagaiak eta Patxi Zabaleta NaBaiko buruzagiak eztabaida sutsua izan dute Parlamentuan, lehendakaria izendatzeko saioan.
Zabaletak gogor kritikatu du Sanzek atzo programa aurkezteko egindako hitzaldian zabaldu zuen mezua, eta, funtsean, UPNren proposamena "betiko gobernu atzerakoi eta sektarioa" eratzea dela iritzi dio. Ildo horretatik, Sanzek konstituzionalista eta abertzaleen artean egin zuen zatiketa "iraganekoa eta atzerakoia" dela azpimarratu du: " Jokabide hori elkarrizketaren aurkakoa da, eta atzerakoaia da. Dialektika hori gezurrezkoa da. Eta errealitatetik eta etorkizunetik oso urruti dago".
Hori guztia dela eta, NaBaik gobernu aurrerakoi eta askotariko baten alde egiten jarraituko duela iragarri du Zabaletak eta argi utzi du Sanzen hautagaitzaren kontra bozkatuko dutela, "Madrilgo zentralismoak gobernuan jarri duen hautagai galtzailea delako".
Sanzek, berriz, Nafarroarako proposatzen duen elkarbizitza eredua Leitzakoa ote den galdetu dio, "beldurrean eta askatasunik ezean oinarritua". Leitza Zabaletaren jaioterria da eta EAE-ANVkoa dute alkatea. NaBairen helburuak Euskal Herriaren autodeterminazioa eta lurraldetasuna gauzatzea direla erantsi du.
Sanz "Madrilgo zentralismoak" eraman duela gobernura nabarmendu du Zabaletak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu