"Ahaztu daitezela nitaz". Hala adierazi zuen Nafarroako Gobernuko eta CANeko presidente ohi Miguel Sanzek otsailean, Nafarroako Parlamentuan CANez hitz egiteko aukeraren aurrean. Aralarrek eta Nabaik eskaria egin arren, Sanzek ez zuen agerraldirik egiteko asmorik. "Niri inork ez nau deitu, eta inork ez dit ezer esan", argudiatu zuen bere erabakia.
Hilabete geroago, aldaketa. Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak martxoaren 18an azaldu zuenez, parlamentuan izango da Sanz, eta ohiko saio batean emango ditu azalpenak. Horretarako, 30 minutu: hogei inguru azalpenak emateko, eta beste hamar galderei erantzuteko. Oposizioko talde batzuk, hala ere, ez ziren gustura agertu, ez ezohiko saio batean izan zedin nahi baitzuten.