PS alderdi sozialistako buruzagitzarako hautagai Segolene Royalek zeharkako akusazioa egin dio Frantziako presidente Nicolas Sarkozyri, honi egin zizkion kritiken biharamunean norbaitek bere etxea arpilatu zuela nabarmenduta. PSko buruaren iritziz, "bi ekintzen artean lotura" dago. Sarkozyri akusazioa egiten dionez galdetuta, zera erantzun du Royalek: "Kointzidentzia bitxia da".
Royalek Frantziako presidentetzarako bozak galdu zituen iaz, Sarkozyren mesederako, eta kritika zorrotzak egin izan dizkio UMP Herritarren Batasunerako Mugimenduko buruari. Azken kritika joan den astean egin zion, France 2 eta France 3 telebista kate publikoetan publizitatearen tarteak kentzeko Sarkozyk duen proiektuari. Segolenen idurikotz, presidenteak enpresa pribatu handien nagusiei mesede egin nahi die: "Bahiketa bat dago, France 2ko eta France 3ko publizitatearen lapurreta, Sarkozy jaunaren lagunak aberasteko".
Iragan astean Royalek Paris ondoan, Boulognen, duen apartamentuan sartu ziren ezezagun batzuk. Hark orain azaldu duenez, bere etxean sartzen diren bigarren aldia da hori, iazko presidentetzarako kanpainan ere sartu zirelako. Buruzagi sozialdemokrataren hitzetan, joan den astean gertatutakoa ez zen "lapurreta" izan, "arpilatzea" baizik.
UMPk, bere aldetik, "lotsagarri" iritzi die Royalen adierazpenei. "Inork ez lituzke muga batzuk, difamazioarena eta gezurrarena, zeharkatu behar, eta are gutxiago presidentetzarako hautagai ohiak".
Mundua
Sarkozyri eginiko kritiken eta bere etxearen arpilatzearen artean lotura dagoela salatu du Royalek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu