Soldatapeko langile edo enpresari: Catalina beti ibili da ostalaritzan. Iaz, baina, behar barik geratu zen, eta ezin izan zuen etxearen alokairua ordaindu. Aterpetxe batera jo zuen. Orain, etxegabeentzako etxe batean bizi da. Ez du lana aurkitzeko itxaropenik.
Beti ibili da ostalaritzan. Batzuetan, enpresari ere izan da, bere negozioaren jabe. Besteetan, soldatapeko langile. Halakoa izan da Catalinaren azken enplegua. 61 urte ditu, eta sortzez Sevillakoa den arren, Bilbon bizi da duela 33 urtetik. «Krisia dela eta, lan barik geratu nintzen. Alokairuan nengoen, eta azkenean ez nintzen gai 420 euroko errenta ordaintzeko. Etxejabeari lasai egoteko esaten nion, aurkituko nuela lanen bat. Baina ez da horrelakorik gertatu». Duela urtebete kalera jo beste aukerarik ez zuela egon zen. Iazko irailaren 3a izan zen. «Sekula ez dut ahaztuko egun hura». Bi seme ditu. Bilbon eta Madrilen bizi dira, baina biek partekatzen dute etxea. «Ezin nintzen eurenera joan. Beraz, Mazarredoko aterpetxera joan nintzen. Semeentzat oso gogorra izan zen, baina ez nuen beste erremediorik». Hiru hilabete igaro zituen han. Orain, Bizkaiko Caritasen Giltza programako etxe partekatu batean bizi da.
Bizitzan oztopo asko gainditu behar izan dituela dio, baina pasatutakoak pasatu arren, sekula ez zuen pentsatu egoera horretan buka zezakeenik. Hala ere, aitortu duenez, Catalinarentzat gogorrena ez da aterpetxera babes eske jo behar izatea edo jantoki sozialetan bazkaltzea. «Traste zahar bat sentitzen naiz. Ahalegintzen naiz lana aurkitzen, baina nire adinean nork hartuko nau? Sentitzen dut gizarteari ezin diodala ekarpenik egin, probetxurik eman». Negar asko eginez gainditu ditu animo beheraldiak.
Dioenez, ulertzen du enplegatzaileen jarrera. «Nik sasoi batean langileak kontratatu behar izaten nituen. Eta neuk ere nahiago izango nuke 20 urteko neskatxa bat hartu 400 euroko soldataren truke, eta ez 61 urteko atso bat 1.200 euroko soldatarekin». Artrosia du, eta onartu du ostalaritzan ezingo dela ibili. Baina edozertarako prest dago. «Telefonista izan naiteke bulego batean. Baina probetxuzko pertsona izan nahi dut berriz».
Etxea helburu
Tarteka aurpegia iluntzen zaion arren, gehienetan kementsu kontatu du bere bizitza. «Ezinezkoa da andaluziarroi bizipoza kentzea». Daborduko ipini dio helburua bere buruari: datorren urterako berea izango den etxea alokatu nahi du. 500 euro inguruko alokairua ordaintzeko prest legoke. Bilbon ez bada, Bizkaiko beste herriren batean. Eta 2016an lortuko ez balu, ez du itxaropenik galduko. «Izango da hurrengoan!».
Diru sarrera bermatzeko errenta kobratzen ari da. Mazarredoko aterpetxean lagundu zioten eskaera egiten. Lau urte barru erretiroa hartuko du. Pentsioa orain jasotzen duena baino apalagoa izango den beldur da. «Laguntza osagarria eta alokairurako laguntza eskatu beharko ditut».
Astegunetan Jesusen Bihotzaren apostolikoen zentroko tailerretara joaten da. Arratsaldeetan, Azkuna zentroko liburutegian egoten da, irakurtzen. «Hori da nire mendetasuna». Asteburuak etxean igarotzen ditu, garbiketa lanetan, erosketak egiten eta sofan lasai telebista ikusten. «Hura da orain neure etxea».
Catalina (61 urte)
"Sentitzen dut ezin diodala probetxurik eman gizarteari"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu