Sortu ETAk diseinatutako estrategia dela dio Auzitegi Gorenak, filtrazioen arabera, 217 orrialdeko autoan. Bihar emango dute ezagutzera, baina gaur aurreratu egin dute 'El Mundo' eta 'La Razon' egunkariek. Arantxa Zuluetari bere bulegoan hartutako dokumentu bat aipatzen du Gorenak, abokatua Sorturen aurkezpenean izan zela dio eta dokumentuak Batasunaren zenbait idatziekin antza duela dio.
Joaquin Gimenez Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuak esan du Sorture estatutuak "erasanezinak" direla, eta Sortu sostengatzen dutenen sinestarrigatsunean dagoela Sorturen erregistroaren auzia: "Gero mozorroa kendu dezakete eta Batasunaren pantaila izan daitezke", zehaztu du. Hala ere, gaur egun dena ez dela ETA gaineratu du, eta hortik ondorio praktikoak atera behar direla.
Gimenezek onartu du Sortu debekatzearen aurka boto partikularrak egoteak ahuldu egiten duela Gorenaren epaia, baina ez diola zilegitasunik kentzen esan du. "Auzitegi Konstituzionalak gauza batzuk baloratu beharko ditu. Boto partikularrak indarra kentzen dio Gorenaren epaiari, gutxiengoaren argudioak Auzitegiko zenbait kideen oniritzia izateko moduko babesa jaso dutelako".
Espainiako Auzitegi Gorenak idatzi du Sorturen inguruan hartutako erabakiaren autoa, eta publiko bihar egingo duten arren, El Mundo egunkariak gaur jakinarazi duenez, Sortu ETAren estrategia dela ondorioztatu du Gorenak, eta biolentzia errefusatzea ere erakunde armatuaren estrategia da. "ETAren funtzioa eszenatoki politikoa zabaltzea da, eta ematen diren pausoak zaintzea. Borroka armatua baztertu gabe, borroka armatu hori une bakoitzean egokitzeko gaitasuna ematen dio bere buruari".
ETAri atzemandako lau dokumentuetan oinarritzen du Gorenak bere epaia El Mundo-ren arabera, eta estrategia hori 2009an diseinatu zuela ETAk dio, "bizitza politikora eta instituzionalera itzultzeko". Gorenak azaltzen du ez dagoela berez legez kanpo geratu den zerrenda batean egon den norbaitek alderdi berri bat sortzeko arazorik. "Arazoa da Sorturen kasuan ez dela egon ETArekin haustura erradikala eta atzera ezina, eta batez ere, ez da egon benetako hausturarik". Gorenak autoan gaineratzen du atentatuak salatzera baimentzen duela ETAk, "Eusko Alkartasunarekin hitzartu ahal izateko".
ETAri atzemandako dokumentuak direla dioen horietan Arantxa Zulueta abokatuari bere bulegoan hartutako bat sartzen du Gorenak. Zulueta Sorturen aurkezpenean izan zela gaineratzen du, eta hartutako dokumentuak Batasunaren idatziekin "antza" duela dio Gorenak; zehazki, zenbait esaldi errepikatzen direla dio. "ETA-Batasuna multzoaren mozorrotzeko beste saio baten aurrean gaude, bizitza politikoan bere benetako parte hartzea lortzeko", dio autoak. Goreneko hamasei epaileetatik bederatzik bozkatu zuten Sortu debekatzearen alde, eta zazpik kontra. Bihar arteko epea dute boto partikularra emateko.
Sorturen estatutuak "erasanezinak" direla dio Goreneko magistratu batek, eta sinesgarritasunean dagoela eztabaida
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu