Arantxa Elizegi (2006-08-02)
Raul Castrok (Biran, 1931) berak ohartarazi zien Ameriketako Estatu Batuei Kubarekiko harremanak hobetu nahi bazituzten Fidel Castro agintean zegoen bitartean egiteko, berarekin ez zelako negoziaziorik izango. «Nire atzetik datozenak ni baino muturrekoagoak dira», iragarri zuen Fidelek berak 1959ko urtarrilean, Raul anaia bere ondorengo izendatu zuenean. Gerora Kubako presidente izango zen Fidel Castro baino lehenago sartu zen Raul Kubako Alderdi Komunistako Gazteria Sozialistetan. Anaia zaharrenarekin batera Fulgencio Batistaren errejimenaren kontra altxatu zen, eta 1953ko uztailaren 26an, Kubako armadaren kuartel nagusiari eraso zioten. 13 urteko kartzela zigorra ezarri zieten biei. Aske geratu zirenean Mexikora egin zuten ihes, aurrerago Granma ontzian Kubara itzultzeko. Bi anaiek zortea izan zuten eta onik egin zuten ihes Kubako mendietara. Handik borrokan jarraitu zuten Iraultzaren garipena lortu zuten arte.
Fidel Castroren bigarrena izanik, haren itzalean egon da urteetan Raul. Ez ditu anaiak bezainbeste jarraitzaile. Hura baino isilagoa da, eta ez du gustuko komunikabideen aurrean hitz egitea. Aldiz, Txinako eta Vietnamgo ereduak jarraitzearen aldekoa da, batez ere alor ekonomikoak. Behin baino gehiagotan izan da herrialde haietan, Gobernuko lehen presidenteorde eta Alderdi Komunistako bigarren idazkari gisa. Horretaz gain, berunezko eskuz arduratu da azken urteotan Kubako armadaz. Dena den, 2000. urtean, Elian Gonzalezen aferarekin, egin zen batez ere ezagun nazioartean Kubako buruzagiaren anaia txikia. Gonzalez amarekin abiatu zen txalupa batean AEBetara, baina ama itsasoan hil zitzaion, eta Kuban geratutako familiak hura itzultzeko exijitu zien AEBei. Raul Castro buru zutela ehunka kubatar manifestatu ziren AEBen kontra egun haietan.
Castrotarren anaia txikienak ez du federik galdu Iraultzan: «Herri honek ez dio inoiz borrokatzeari utzi, ezta baldintzarik zailenetan ere, eta hori erakutsi du batez ere Iraultzaren garaipenaren ondoren».
SOSLAIA. Anaia baino zorrotzagoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu