Oihana Elduaien
Inazio Uriarentzat hitz onak izan zituzten atzo bere ingurukoek. «Herri honentzat aberastasuna sortzen aritu da beti», esan zuen Julian Eizmendi Azpeitiko alkate ohi eta EAJko zinegotziak. Bi anaiekin batera aitarengatik jaso zuten enpresa. 1969an sortu zuen enpresa aitak, eta gaur egun, Uria eta bere bi anaiek zeramaten hango martxa, seme-alabekin batera.
AHTrentzako obretan Uriarekin elkarlanean ari zen enpresari batek berri agentziei esan zien «beti gainean egoten zen» gizon bat zela. 70 urte izan arren, goizero eraikuntza lanak bertatik bertara jarraitzen zituela, nabarmendu du. «Eskola zaharreko enpresaria zen». Antzeko hitzak egin zituen Roman Sudupe Gipuzkoako ahaldun nagusi ohiak ere: «Lana, lana eta lana. Horixe da Inaziok bizi guztian egin duena». Azkoitiarra da, eta Uriaren laguna zen.
370 langile ditu gaur egun Altuna y Uria enpresak. Hasiera batean, Inazio Uriaren aitak eta Altunak erdi bana zuten enpresa, baina semeen esku geratu zenean, bere zatia erosi zioten Altunari. Seme zaharrena eta Inazio Uria zena, ardurak semeengan uzten ari ziren, pixkanaka-pixkanaka.
Langileekin negoziatzeaz ere arduratzen zen Inazio Uria, duela gutxira arte. Hain justu aurten, seme baten esku utzi zuen datorren urteko egutegia langileekin adosteko ardura.
Ezkonduta zegoen, eta bost seme-alaben aita zen -hiru seme eta bi alaba-. Asko gustatzen zitzaion karta jokoan aritzea, eta bazkal ostean, egunero joaten zen Kiruri jatetxera, lagunekin musean edo tutean ibiltzera. Horretara zihoan hain zuzen atzo, ustezko bi etakidek tiro egin, eta hil zutenean. Uria baino metro batzuk aurrerago zihoan Marcos Gorostiaga laguna une horretan, Kirurira bidean. Tiro hotsa entzun eta buelta eman zuenean lurrean ikusi zuen Uria. Egunero bide bera egiten zuela dio. «Familia girokoa zen, langile sutsua. Lagunen laguna».
SOSLAIA. "Eskola zaharreko enpresaria"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu