SOSLAIA. Euskal kulturgintzan erreferentzia

2009ko urriaren 31
17:20
Entzun
Egunkaria-ko Administrazioko Kontseiluko lehendakari ohia, Jakin aldizkariko zuzendaria eta euskal kulturgintzan erreferentzia diren hainbat lanen egile da Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942) soziologoa. Martin Ugalderekin eta Joxemi Zumalaberekin batera Egunkaria Sortzenen bozeramaile izan zen euskarazko egunkaria sortu aurreko hilabeteetan. Egunkaria kalean zegoela, Martin Ugalde Administrazio Kontseiluko kide zela, Kontseiluko Editorialeko lehendakaritza hartu zuen Torrealdaik. Urteak egin zituen kargu horretan, Martin Ugalde Administrazio Kontseiluko ohorezko lehendakari izendatu zutenean Kontseiluko lehendakaritza hartu zuen arte.

Jakin pentsamendu aldizkariko zuzendaria da 1977az geroztik. Aurrez ere, 1967-1969 aldian, Jakin-eko zuzendaria izan zen; Espainiako Gobernuak debekatu egin zuen hedabidea 1969an. Berriro han buru aritu aurretik, 1974tik Anaitasuna astekariko zuzendaria izan zen. 1973an Iraultzaz saiakera liburua argitaratu zuen.

Jakin-en 1977tik urtez urte argitaratu dituen euskal liburu produkzioaren azterketa eta katalogoa erreferentzia dira euskal liburugintzan. Aldizkarian urteroko produkzioaren berri emateaz gain, XX. mendeko euskal liburu guztiak katalogatu ditu (1993an XX. mendeko euskal liburuen katalogoa atera zuen).

1977an Euskal Idazleak Gaur liburua kaleratu zuen, eta handik hogei urtera obra haren jarraipentzat jo daitekeena plazaratu zuen: Euskal Kultura Gaur. XX. mendeko euskal literatura eta liburugintza ezagutzeko ezinbesteko erreferentzia dira bi obra mardul hauek.

Martin Ugalderen elkarrizketa biografikoaren egilea ere bada (Martin Ugalde, Andoaindik Hondarribiara, 1998), baita euskararen eta euskalgintzaren aurkako erasoak jasotzen dituen El Libro Negro del Euskera (1998) liburuarena ere.

2000an Artaziak - euskal liburuak eta Francoren zentsura 1936-1983 liburua argitaratu zuen, 2004an Imanol Murua, Gipuzkoako alkate. Aurtengo urrian bertan aurkeztu du azkeneko liburua, Imanol Murua Uriarekin batera: Euskaltzaindia, Ekin eta Jarrai, erakundearen 90. urtemugan.

Gizarte Zientzietan lizentziatu zen Parisen, eta Soziologia doktoratu Deustuko Unibertsitatean. Frankismoko zentsurari buruz egin zuen tesia (Gobernu zentsura eta euskal liburua 1936-1983), eta gaiari buruz hainbat liburu ere argitaratu ditu, euskaraz nahiz gazteleraz.

Euskaltzain osoa da 2007ko azaroaren 30etik, eta gaur egin du sarrera hitzaldia, Foruan. Hain zuzen, haren izena du Foruko Kultur Etxeak.

Usurbilen bizi da, emaztearekin eta bi seme-alabekin.

=b'Egunkaria'-ko epaiketaren zain=b

Torrealdai da Egunkaria auziko auzipetuetako bat, eta aurki da hastekoa epaiketa -kazetaren itxierarena-, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga dira kasu nagusiko beste auzipetutak -auzi ekonomikoa ere badago-, bostak ere ETAko kide izatea egotzita. Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen. Epaiketaren hasiera eguna jartzeke dago oraindik.

14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dute auzi nagusian Torrealdairen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.