Arantxa Elizegi
Popalzai tribuko buruzagiaren ondorengoa zen Hamid Karzai (1957, Karz, Afganistan). Baina aukerak baliatzen jakin zuen, eta herrialdeko tribu paxtu nagusietako baten buruzagi izatetik presidente izatera igaro zen laster. Egun Kabulgo alkate ezizenez ezagunagoa 2001etik da estatuburu, eta badirudi beste bost urte iraungo duela haren agintaldiak, kasualitatez edo, hauteskundeetarako bigarren itzulian haren aurkari bakarra zenak, Abdula Abdulak, erretiratzea erabaki ostean.
Zenbait iturriren arabera, 1980ko hamarkadan jarri ziren lehen aldiz harremanetan Karzai eta AEBetako informazio zerbitzuak. Garai hartan mujahidinekin batera borrokatzen zen buruzagi paxtua, sobietarren aurka, eta Gerra Hotzean egonik, Washingtonen babesa zuten horiek. Gerora onartuko zuenez, 1990eko hamarkadan talibanekin bat egin zuen Karzaik, pentsatuz indarkeria amaituko zutela. Laster iritziz aldatu zuen, ordea, eta 2001ean AEBek Askatasun iraunkorra operazioa hasi zutenean, haien bandora igaro zen. Baita saria jaso ere, George Bush presidentearen sostenguarekin estatuburu ezarri baitzuen nazioarteak. Hiru urte geroago, 2004an, herritarrek berretsi egin zuten Etxe Zuriaren erabakia.
Irakeko gerra hasi zenean, ordea, Karzai bakarrik geratu zen Afganistanen, eta nazioarteko tropen laguntzarik ia gabe indarkeriak eta hildakoak ohiko bilakatu ziren herrialdean. Denbora motzean, herritarren konfiantza gutxia galdu eta nazioartearen mesfidantza irabazi zuen. Kabulgo alkate deitzen diote, soilik eskualde hura dagoelako haren kontrolpean. Abuztuko bozetako iruzur salaketek ez diote batere mesederik egin 52 urteko buruzagiari. Baina gauza bat du bere alde, AEBetako Gobernuak ez duela aukera hoberik.
SOSLAIA. Karzai, Etxe zuriaren aukera bakarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu