SOSLAIA. Laborarien ahotsa

2008ko abenduaren 12a
10:06
Entzun
Eneko Bidegain

Laborari semea da eta bere semea ere laborantza sailean plantatzen ari da. Gamarten sortu zen, Baxenabarren, Garaziko kantonamenduan. Etxaldearen segida hartu zuen eta laster, laborarien sindikalista ezagun bihurtu zen. Ipar Euskal Herrian etxalde edo baserri txikiak dira, gehienak, eta horien alde lan egin du denbora guztian. Berak ere eredu horretako laborantza egiten du. Kalitateko ekoizpenen aldeko apustua egin du, besteak beste Idoki markako produktuak sortuz.

Bere baserriko ekoizpenen artean dago fruitu mota berezi bat, kiwai izenekoa. Ez nahas kiwi-arekin, beste fruitu mota bat da.

Gaztea zela, Euskaldun Gazteria elkartean ibili zen, eta laborari gazte anitzek han ezagutu zuten. Giristino gazteen elkarte hartan anitz inplikatu zen. Bestek beste antzerkian ere aritu zen, talde hartan zela. Eta ez han bakarrik, Hiruak Bat antzerki taldean ere ibili zen antzerkilari lanetan.

Joan den astelehenean, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren aldeko prentsaurreko batean, Ortzaizeko laborari batek erraten zuen Berhokoirigoin Euskaldun Gazterian ezagutu zuenean, haien guztien aitzinean «beste gogoeta» bat bazuela. Orduan laborari sindikatu bakarra zen Ipar Euskal Herrian, FDSEA. Mixel Berhokoirigoin sindikatu horretan engaiatu zen, baina beste ikuspuntu batzuk defendatuz.

Pixkanaka-pixkanaka FDSEA utzi eta ELB sindikatu berriaren sortzean parte hartu zuen. ELBrekin, Ipar Euskal Herriko laborantza sindikalaren paisaia erabat aldatzen hasi zen. Berhokoirigoinek FDSEAn sartu zenean defendatzen zituen printzipio beren alde jarraitu zuen ELBn, hala nola laborari txikien egoeraren hobetzearen alde, ekoizteko eskubideen banaketa zuzen baten alde, laborantza intentsiboaren aurka eta abar.

Eta ELBren aldarrikapen garrantzitsuetariko bat izan da Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sortzea. Pirinio Atlantikoetan Laborantza Ganbera bat dauka, Frantziako gainerateko departamenduetan bezala. Laborantza Ganbera egitura administratibo bat da, laborarien zerbitzuko dena. ELBk betidanik erran izan du Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko laborantzak eredu ezberdinekoak direla, eta Pauen dagoen Laborantza Ganberak ez diela erantzuten Ipar Euskal Herriko laborarien beharrei.

ELBk, urtetik urtera, gero eta babes zabalagoa lortu zuen, Mixel Berhokoirigoin zelarik liderretariko bat. FDSEA urteetan eta urteetan sindikatu bakarra zen garaiak atzean gelditu dira ELBrekin. Hastapenean, oraindik FDSEA zen babes handiena zuen sindikatua, baina 2001ean, Paueko Laborantza Ganberako hauteskundeetan, ELB bihurtu zen Ipar Euskal Herrian laborarien boz gehien eskuratu zuen sindikatua. Mixel Berhokoirigoin eta Maryse Cachenaut Paueko Laborantza Ganberako hautetsi bihurtu ziren.

ELBko hautetsiek eskaera zehatza egin zioten Paueko Laborantza Ganberari: Euskal Herriko Laborantza Ganbera sortzea. Haien eskaerak erantzun baikorrik ukan ez zuenez, ez ziren berriz itzuli Paueko biltzarrera.

Euskal Herriko Laborantza Ganberaren aldarrikapenaren gidari izaten segitu zuen Berhokoirigoinek. Beste hiru aldarrikapenekin batera (euskal departamendua, euskararen ofizialtasuna eta berezko unibertsitatea), Laborantza Ganberaren eskaera bere gain hartu zuen Batera plataformak. Manifestazio handiak izan ziren Baionan, lau aldarrikapen horien inguruan. Frantziako Gobernuak, ordea, aldarrikapen horri uko egin zion.

Beti laborantza arloarekin lotzen bada ere, Berhokoirigoinek beste arloetan ere gogoeta sakonak dituen pertsona da, besteak beste globalizazioaren gaian eta politikan.

Maiz pentsa badaiteke ere ekonomian eta politikan buru-belarri sartzen direnek ez dutela hainbesteko kultur zaletasuna, Mixelen kasuan erran dezakegu antzerkian ibilia dela eta bertsozalea dugula. Bere herriko bestetan edo bazkari edo afari batzuetan bertso batzuk bota izan dituena ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.